Maite Larburuk eta Eli Pagolak lortu dituzte sorkuntza bekaren 5.000 euroak

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 13a, 00:00

Goran eserita: Ainhara Azpiazu 'Axpi', Koro Etxeberria, Maite Larburu eta behean: Eli Pagola eta Oskarbi Sein.

Larbururen 'Arrailak' abestiaren animazioa eta Pagolaren 'Ta argiya iñ zan' proiektuak dira, bekaren irabazleak.

Maite Larbururen «abesti bizidun bat» eta Eli Pagolaren Ta argiya iñ zan instalakuntza izan dira aukeratuak sorkuntza bekaren zazpigarren edizioaren irabazle eta atzo aurkeztu ziren proiektuak Biteri kultur etxean.

Bekaren 5.000 euroak irabazi dituzten bi proposamenen nondik norakoak aurkeztu zituzten sortzaileek beraiek. Maite Larbururen Arrailak animaziozko lana eta Eli Pagolaren Ta argiya iñ zan zentral hidroelektrikoen bueltako instalakuntza izan dira irabazleak. Orain ideiari heldu eta sormenaz elikatu ostean, emaitzak ikusiko dira urte amaierarako.

 

«'Arrailak' abestia animazioko bideoklip bihurtuko dugu»

Maite Larburu buru duen hirukotearen Arrailak proposamena da bekaren irabazleetako bat. Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailearekin eta Oskarbi Sein ilustratzaile eta animazio egilearekin batera, 7 minutuko animaziozko bideo bat egingo dute. «Oso eskertuta gaude», adierazi zuen Larburuk.

Maite Larbururen «abesti bizidun bat» izango da. Arrailak kantua oinarri izango du proposamenak. Krak Larbururen bakarkako bigarren diskoan dago kantu hori eta amonari gertatutako istorio «gogor bezain ederra» kontatzen du. Axpi eta Oskarbi Sein, biak ala biak, proiektuari ekiteko irrikaz eta ilusioz beteta daude. Abestia oso bisuala dela diote hiruek eta kantua animazio bihurtzeko ideiak borborka dituzte jada.

«Krak kantua ipuin bat da. Amonari gertatutako kontakizun krudela eta gogorra da, garai ilun batzuei dagokiena. Hala ere, ipuin bat da. Ipuin hori bideoklip bihurtuko dugu. Kantu luzea da eta nik amestu nuen kantu hau ederra izango zela marrazkietan erakustea, animazioan. Marrazkigile eta animatzaile bila ari nintzela Axpi agertu zen», gogoratzen du musikari hernaniarrak. Berak Oskarbi aipatu zuen animatzaile ezin hobe bezala.

Axpik kontakizuna pausoz-pauso oso argi ikusi zuen. «Dena oso argi ikusten nuen. Pozik nago eta ilusioz beteta, inoiz ez baitut animazioko lanik egin»

 

«Ainhoa Gutierrezen proiektua ere bada»

Eli Pagolak zuzendutako proiektuak Ta argiya iñ zan ikusentzunezko instakaluntza bat proposatzen du. Argiaren, argindarraren eta energia hidraulikoaren inguruko gogoeta zientifiko-artistiko bat planteatzen du. Urumearen bueltan energia sortzeko hidroelektrikoak dira protagonistak. Pagolarekin batera Ainhoa Gutierrez zinegilea ere arituko da proiektua gauzatzen. «Tripetatik ateratako proiektua da. Urumea bailaran kokatzen dugu, baina Ereñotzun kokatzen dut. Errekak presentzia haundia du eta elementu industriala ere badu, energia lortzeko».

Jendeak zentral horiekin zer harreman daukan erakutsi nahi dute proiektuan. Zentral hidroelektrikoak, ur-putzuak… energia sortzeko azpiegitura horiek dute presentzia haundia Ereñotzun. «Elektrizitatearen sorburu horiekin ze harreman dugun ikertu nahi dugu. Artxibo lanak egin nahi ditugu. Zentralaren ondoan edota zentraletik bizi diren pertsona horien testigantzak jasoko ditugu», azaldu zuen Pagolak.

Gogoeta artistikoa da, zinema pieza esperimentala, irudi bilduma -egungoa eta artxibokoak- eta argindarraren mapa bat dute buruan sortzaileek. «Horren emaitza Ereñotzuko zentral batean proiektatzeko asmoa dugu», azaldu zuen Eli Pagolak.

 

«Hamaika kultur proposamen jaso ditugu eta puntuazio bera jaso dute bi proiektuek»

Koro Etxeberria Kultura zinegotziak adierazi zuenez, beka honekin azaleratzen da «herrian sortzaile harrobi haundia eta sendoa dugula. Sorprendentea izan da». Aurtengo edizioan hamaika kultur proposamen aurkeztu dira eta bik jaso dute epaimahaikideen saria. Puntuazio bera jaso dutenez, 5.000na euro jasoko dute haien proposamena garatzeko.

«Bi irabazleak izan dira oso interesanteak eta oso bereziak. Jolas eder bat proposatzen dute», azaldu zuen Koro Etxeberriak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!