Beñat Odriozolak zilarra lortu zuen Banyoleseko Udaberriko Openean

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 12a, 00:00

Jon Odriozola arraunlari hernaniarra, Banyoleseko (Katalunia) openean.

Arraun egokituan, bi egunetan, 10 minututik beherako markak lortu zituen hernaniarrak. 

Beñat Odriozola Aranburu arraunlari hernaniarrak zilarra lortu zuen joan den asteburuan, Banyoleseko Udaberriko Openean, arraun egokituan. Kataluniara bidaiatu zuen Odriozolak, eta erakustaldi bikaina eman zuen txapelketa honetan ere. 

Xabier Zabala entrenatzailearen esanetan, Udaberriko Opena «lan pertsonal baten gisa» landu zuten eta helburu horrekin bideratu zituzten entrenamenduak. «Javi Reja (Sevilla, 1974) punta-puntako arraunlariak parte hartu zuela jakinda, erreferentzi gisa, Rejaren lanak askorako balio izan digu», aipatu du Zabalak. 

 

Bi egunetan, 10 minututik beherako markak

Odriozola «erregular» aritu dela nabarmendu zuen Zabalak. Izan ere, bi egunetan 10 minututik jaistea lortu zuen hernaniarrak: larunbatean, 9'58'' eta igandean, berriz, 9'56''. Gainera, entrenatzaileak aipatu duenez, helburuak gainditu dituzte eta errendimendua «sekulakoa» izan da. 

Joan den astean, ordura arteko bilakaera aztertu zuten eta, ondorio gisa, demako 2.000 metroak 10'15''-ren bueltan egin zitzaketela aipatu zuten. Asteburuko emaitzekin, ordea, entrenatzailearekin adostutako marka hobetu du hernaniarrak. «Emaitza horiek berresten dute Beñatek aurrerapausoa eman duela, azkarrago dabilela, eta bide onetik goazela. Oraindik ere, denboraldi bukaera bitartean hobetzeko tartea dugu, eta uste dut emaitza hobeak ere lortuko ditugula», azpimarratu du Zabalak. 

Bestalde, hilaren 23an eta 24an izango den Euskadiko batel txapelketari begira, buru-belarri ari dira lanean arraun elkarteko taldeak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!