Oronak 832 milioi euroko negozio zifra lortu du, eta aurrerapausoak eman ditu Europan finkatzeko bidean

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 12a, 00:00
Donostiako Antonio Elorza belodromoan egin zen batzarra.

Kooperatiba hernaniarrak %4,1 igo ditu salmenten zifrak aurreko ekitaldiarekin alderatuta, eta goranzko joerari eutsi dio laugarren urtez jarraian. 5.507 langile ditu.

Hernanin egoitza duen Oronak, Bazkideen Urteko Batzarra egin zuen pasa den ostiralean Donostian. Anoetako belodromoan egindako aurrez aurreko topaketan, 2021eko kontuak onartu ziren, eta egungo testuinguru geopolitiko zailari aurre egiteko lehentasun estrategikoak errepasatu ziren. Pertsonen mugikortasun bertikaleko konponbideen Europako bosgarren taldea da enpresa hernaniarra.

 

2021ean aurreko urteko emaitza %4,1ean gainditu du

Enpresaren salmenta-zifra 832 milioi eurora iritsi zen 2021ean, aurreko ekitaldiko emaitza %4,1ean gaindituz. Hori guztia pandemiaren ondorio sozioekonomikoek eta hornikuntza-kateen tentsioak markatutako egoera konplexu batean. Horrek, energiaren, logistikaren eta erdieroaleen gaineko prezioen igoera ekarri du. Egoera zail honetan, Oronak 139 milioi euroko Ebitda lortu du, aurreko ekitaldiak gaindituz.

Gainera, ekitaldi honetan egindako inbertsioak 26,6 milioi eurokoak izan dira, hau da, iaz baino %63 gehiago. Langileen kopuruari dagokionez, Oronak 5.507 langileri eman die lana urtea amaitzeko, eta zifra hori, krisia gorabehera, laugarren urtez jarraian haunditu da.

Taldeko zuzendari nagusi den Aitor Azkarateren hitzetan, «urtetik urtera gero eta zailagoa den testuinguru globalaren aurrean, sinetsita gaude ezinbestekoa dela proiektu sozioenpresarial sendo eta lehiakor bat zehazten jarraitzea, etorkizuneko erronkei sendotasunez aurre egiteko. Testuinguru horretan, lehiakortasunak funtsezko rola hartuko du gure pertsonen konpromisoari esker, berrikuntzaren eta eraldaketa digitalaren aldeko apustuarekin batera». 

Lortutako emaitzei dagokienez, zuzendariak ziurtatu du oso positiboak direla, izan ere, «gure negozio-zifra eta kontratazio-maila haunditzea lortu dugu ezohiko ekitaldi batean, 2021ean, pandemiaren bigarren urtean, egoera soziosanitario zailak eta hornidura-kateetako tentsioak eraginda, ekonomia suspertu ondoren». 

Azkenik, Azkaratek nabarmendu zuenez, «taldearen egokitzeko eta erantzuteko gaitasunari esker, eta gure giza taldearen ahaleginari esker, oso ariketa aparta burutu dugu, gero eta zorrotzagoa den ingurune batean indartsuak egiten gaituena, eta guztion konpromisoa funtsezkoa izango da etorkizuneko erronkei aurre egiteko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!