Garaipen garbia lortu zuten trikoloreek etxeko azken partiduan

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 11a, 00:00

Anartz Elosegi geldiezin atzo, Palenciaren aurkako norgehiagokan.

Ohorezko B Mailan, hernaniarrek 47-14 amaitu zuten Palenciaren aurkako norgehiagoka. 

Atzora arte, bi partidu besterik ez zitzaizkion gelditzen Hernaniri, Ohorezko B Mailan, denboraldia amaitzeko. Palenciaren aurka neurtu zituen indarrak, Landaren, etxeko azken partiduan, eta ezin hobe aritu zen taldea. Hain zuzen, trikoloreak nagusi izan ziren norgehiagokan, eta markagailua 47-14 itxi zen hernaniarrek alde. Gainera, jende mordoa bertaratu zen partidua ikustera, eta giro bikaina izan zen.

Atzokoan, trikoloreek ziurtatuta zeukaten A multzoko aurreneko postua, duela bi asteburu Eibar nagusitasunez menderatu zutelako. Horregatik, presiorik gabe eta partidua gozatzeko asmotan irten ziren zelaira. Erronka horrekin, erakustaldi borobila eman zuen Hernanik. Etxekoak jaun eta jabe izan ziren zelaian, eta erraz gainditu zuten Palencia, multzoko azkeneko sailkatua. 

Lehenengo erdian, sendo aritu zen Hernani. Zazpi minutu pasata, 7-0ekoa heldu zen Beñat Arizetaren entseguarekin eta jaurtiketarekin. Ondoren, bigarren lerroen arteko jokaldi eder baten ostean, Pepeluk lortu zuen entsegua egitea eta Arizetak borobildu zuen jaurtiketarekin. Hortik aurrera, geldiezina aritu ziren etxekoak. Hain zuzen, Pepeluren bigarren entsegua iritsi zen minutu gutxian, eta hori ere Arizetak gauzatu zuen, 21-0ekoa lortuta. Atsedenaldira 28-0eko emaitzarekin heldu ziren bi taldeak eta, bigarren erdian, aurkariak aurrea hartzen saiatu baziren ere, Hernanin 47-14 itxi zuen markagailua. 

Emaitza horrekin, borobil amaitu zuten etxeko partiduen zerrenda. Garaipenagatik ez ezik, 22. Korrikagatik ere egun berezia izan zen errugbilarientzat. Izan ere, Korrika Hernanitik pasa zen goizean, eta klubeko ordezkariek partidua hasi aurretik lekukoa eramateko ohorea izan zuten.

 

Atsedena, asteburuan

Asteburu honetan atseden hartuko dute trikoloreek. Izan ere,  bi aste barru bukatuko dute denboraldia, Donostian. Apirilaren 23an jokatuko dute azken derbia Bera Beraren kontra. Dagoeneko zehaztu dute ordutegia, eta 17:30etan izango da, Anoetako miniestadioan.

Bestalde, 23 urtez azpikoek ere herenegun izan zuten partidua, etxean, Getxoren aurka. Gazteak ere bikain aritu ziren zelaian, eta 18-5eko garaipena lortu zuten bizkaitarren aurka. Fase erregularreko azken jardunaldi izan zen, eta oraingo honetan ere erraz nagusitu zen talde trikolorea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!