Txernobylgo haurren aldeko lasterketa solidarioak izango dira gaur goizean, Sagastialden

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 10a, 00:00

Sagastialdeko pistan izango dira bi lasterketak: emakumezkoena 10:15etan hasiko da eta gizonezkoena, aldiz, 11:00etan.

Txernobilgo Elkarteak, C.D Hernanirekin batera, Txernobylgo haurren aldeko lasterketa solidarioa antolatu du gaurko. Denera, zehazki, bi lasterketa izango dira. Lehenengoan, emakumeek hartuko dute parte, goizeko 10:15etan hasita. Gizonezkoena, aldiz, emakumezkoena amaitzean hasiko da, goizeko 11:00ak aldera.

Distantzia lau kilometrokoa izango da eta atletismo pistatik emango zaio hasiera bi lasterketei. Korrikalariek bi aldiz osatu beharko dute antolatzaileek aldez aurretik markatutako ibilbidea.

 

Lasterketaren nondik norakoak

Parte hartu nahi dutenek, beharrezkoa dute aurretik izena ematea. Horretarako, 5 euroko bizuma egin beharko dute telefono zenbaki honetara: 639 575 424. Bizumean, izen-abizenak eta bete nahi den distantzia zehaztu behar direla adierazi dute. Izan ere, ibilbidea Sagastialdeko pista eta Ave Maria parkearen artean izango da, eta adinaren arabera, distantziak aldatuko dira: 600 metro (8-12 urte bitartekoek), 1200 metro (12-16 urte bitartekoek) eta, azkenik, 4 kilometro (16 urtetik gorakoek).

Horrekin batera, oraindik ordainketa egin ez dutenek aukera izango dute gaur bertan ordainketa eskuz egiteko. «Bildutako diru guztia Txernobilgo Elkartearentzat izango da», nabarmendu dute antolatzaileek.

Lasterketak amaitzean, sari banaketa ere izango da Sagastialdeko pistan. Lehenengo hiru korrikalari azkarrenek jasoko dute saria emakumezkoen zein gizonezkoen kategorian. Horrez gain, parte hartzaile guztien artean ere zozketa egingo dute, eta hainbat sari zozketatuko dituzte gainerakoak esku hutsik ez gelditzeko.

Lasterketako kartelean jakitera eman dutenez, egitasmo hau antolatu dute Txernobylgo haurrek egun bizi duten egoeragatik. «Erradiazioa eta, orain, gerra», aipatu dute. Mezu horrekin batera, #gurefamiliadira hashtagarekin, korridore humanitarioak zabaltzeko aldarria egin dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!