Berria Txapelketak bi zita, Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 9a, 00:00

Berria Txapelketako bi kanporaketa jokatuko dituzte asteburu honetan, Hernaniko frontoian. Gaurkoan, arratsaldeko 17:00etan hasita, Bartzelonako Nafarren Etxea eta Zaratamoko Upo Mendi klubak ariko dira aurrez aurre. Kanporaketa berdindua espero da, kadeteetan eta jubeniletan bereziki. Seniorretan, esperientzia haundiko bikotea dute kataluniarrek, eta gazteagoa bizkaitarrek. Horrek markatu dezake diferentzia. Bihar, berriz, Markina eta Baños de Rio Tobiako Barberito ariko dira elkarren kontra, goizeko 11:00etan hasita. Bizkaitarrak dira faborito, kadeteetan eta seniorretan bikote indartsuak dituztelako. Jubeniletan, ordea, errioxarrak izango dira faborito, eta kanporaketa hirugarren partiduan erabakiz gero, senior mailako errioxarrek ez dizkiete gauzak erraz jarriko markinarrei.

Bestalde, gaur bertan, Udaberri Torneoko finalerdiak jokatuko dituzte hiru hernaniarrek: Aratz Labaka eta Oier Arsuaga alebinek, 16:30etan Iruritan, Ilunpeko Ansola eta Beristainen kontra; eta Unai Etxarri jubenilak, Mikelarena lagun duela, 18:00etan Elizondon, Oiarpeko Etxeberria eta Leoneten kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!