«Denboraldi polita» osatuta, Euskal Herriko bigarren mailako txapeldun izan da Hernani-Donostia B taldea

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 9a, 00:00

Hernani-Donostia B taldeko kideak, hainbat hernaniar tartean direla. Argazkia: Waterpolo Donostia

Taldea osatzeko arazoengatik, batera aritu dira denboraldi honetan, eta ondo konpondu dira, bigarren fasean bereziki, «elkarrekin partiduak jokatu ditugun heinean». Azkeneko partiduan lortu zuten txapeldun izatea, Sestaon irabazita.

Taldea ezin osatu aritzetik, txapeldun izatera. Horrelakoa izan da Hernaniko waterpolo taldearen denboraldia, aurten: Euskal Herriko bigarren mailako txapelketa irabazi dute, aurreko asteburuan Sestao liderra menderatu ondoren (8-13), Sestaon.

Waterpolo Donostia taldearekin batera aritu da Hernani aurten, jokalari faltagatik: «beti izaten ditugu arazoak taldea osatzeko, eta aurten, azkenean, Donostiako taldearekin elkartuta aritu gara», azaldu du Jon Imanol Fernandez hernaniarrak, taldeko kideetako batek. Hernani-Donostia B taldea osatu dute, eta sekulako liga borobildu: «denboraldi polita atera zaigu. Hasieran, elkarrekin entrenatzeko zailtasunak geneuzkan, baina elkarrekin jokatzearen poderioz, hobeto aritu gara pixkanaka. Elkar ezagutzen genuen lehendik ere, baina balio duena da nola moldatzen garen igerileku barruan, koordinatuta egotea».

Hori horrela, «kosta» egin zitzaien hasieran, eta ligako aurreneko fasean, laugarren bukatu zuten. Horrekin, txapeldun izateko lehian sartu ziren, lau talde onenak aritu baitira aurrez aurre, bigarren fasean. «Oso parekatua izan da liga, bereziki bigarren fasea. Gu gero eta hobeto konpondu gara, eta oso ondo atera zaigu, zorte pixka batekin. Urbatek Sestaoren kontra galdu zuen azkenaurreko partiduan, eta horrek aukera eman zigun txapeldun izateko, azkeneko partidua irabazita, Sestaon. Partidu ona jokatu genuen, eta oso pozik gaude lortutakoarekin».

Mailaz igotzeko aukerarik ez dute izango, ordea, Waterpolo Donostiaren aurreneko taldea dagoelako Euskal Herriko lehenengo mailan, eta haren bigarren talde gisa aritu direlako.

Denboraldian zehar, zazpi hernaniar aritu dira taldearekin, baina batzuek, lanagatik, ezin izan dute nahi bezainbeste parte hartu. Orain, ekainera bitartean, Udaberriko Liga jokatuko dute, talde berarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!