Apirileko kontzertua gaur, Leokadisti eta Hernasax taldeen eskutik

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 9a, 00:00

Leokadisti Txistu Taldeak, Hernasax taldearekin batera eskainiko du kontzertua.

Hiru atalez osatutako kontzertua eskainiko dute Leokadisti eta Hernasax taldeek. 

Gaur arratsaldeko 18:30etan, txistu eta saxofoi kontzertu berezia ospatuko dute musikariek, Hernaniko udaletxeko arkupeetan. Hernani Musika Eskola Publikoko bi taldek eskainiko dute kontzertua: Leokadisti Txistu Taldeak, eta Hernasax saxofoi taldeak. Kontzertua Roberto Pacheco eta Iñaki Egurenen zuzendaritzapean eskainiko da. 

Iganderoko kalejira eta kontzertuen egitarauaren baitan, igandez ospatzekoa zen kontzertua, baina eguerdian Garikoitz Mendizabal eta Hernaniko Musika Bandak kontzertua ematekoa dutela eta, «aurreratu egin dugu kontzertua, gaur arratsaldera». 

Gaurko kontzertuak hiru atal izango ditu: lehenengoan txistulariek Sarriegiren Minuetoa eta Piuielo izeneko kontrapas eta kontradantza joko dituzte, Karlos Sanchéz-Ekizaren Irlandar Rapsodiarekin batera. Bigarren atalean, Hernasaxek hartuko du txanda, A. Igarondo ezagunaren saxofoi talderako bertsioa jotzeko Pedro Iturralderen Suite Helénicaren aurretik.

Azkenik, kontzertuari amaiera emateko, txistulariek eta saxofonistek elkarrekin eskainiko dituzte Luis Aranbururen Re minorreko kontzertua eta beste doinu paregabe batzuk.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!