Azkeneko zita bihar Landaren, trikoloreek

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 9a, 00:00

Denboraldi honetan azkenekoz jokatuko dute etxean Ohorezko B Mailakoek, 12:00etan Palenciaren kontra.

Bi partidu besterik ez zaizkio falta Hernaniri, Ohorezko B Mailan, denboraldia bukatzeko. Eta biharkoan, azkenekoz jokatuko du etxean: Palencia hartuko du Landaren, eguerdiko 12:00etan.

Trikoloreek ziurtatuta daukate A multzoko aurreneko postua, joan den asteburuan Eibar nagusitasunez menderatu ondoren. Baina ondo bukatu nahi dute denboraldia, eta horretarako, azkeneko erakustaldia eman nahi diete herriko zaleei. Horretarako, multzoko azkeneko sailkatua izango dute aurrean. Gaztelarrek jokatutako 14 partiduak galdu dituzte, eta behin bakarrik lortu dute defentsako bonusa.

Datorren astean atseden hartu, eta bi aste barru bukatuko dute denboraldia trikoloreek, etxetik gertu. Izan ere, derbia jokatuko dute Donostian, apirilaren 23an, Bera Beraren kontra. Arratsaldeko 17:30etan izango da, Anoetako miniestadioan.

 

23 urtez azpikoak, Getxoren kontra gaur Landaren

Gaur bukatuko du denboraldia, aldiz, 23 urtez azpikoen taldeak. Getxo izango du aurrez aurre, Landaren, arratsaldeko 16:00etan hasita. Liga Nazionaleko bosgarren postua daukate jokoan, elkarren segidan baitaude sailkapenean: 32 punturekin bosgarren Hernani, eta 30 punturekin seigarren Getxo. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!