«Open Txapelketa honetan nire helburua da marka hobetzea, eta posible bada final Juniorrera sartzea»

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 9a, 00:00

Enaitz Goñi igerilari hernaniarra, Kronikarako elkarrizketan.

Torremolinosen dago Enaitz Goñi igerilari hernaniarra, gaurtik asteazkenera arte ospatuko baita Espainiako Open Txapelketa: «Malagan ospatzekoa zen txapelketa, baina arazo teknikoengatik Torremolinosen burutuko da». 

16 urte dauzka Enaitz Goñi hernaniar igerilariak. Gaur hasi eta asteazkenera arte, Espainiako Open Txapelketan ariko da Tolosarekin lehiatzen. Horregatik, igerilari hernaniarrak epe motzerako eta epe luzerako dituen helburuen berri emateaz gain, ur azpiko sekretuak kontatu dizkio Kronikari. 
 

Gaurtik Espainiako Open Txapelketan ariko zara Torremolinosen. Zer helbururekin zoaz?

Helburu nagusia da nire markak jaistea. Denboraldiko lehenengo lehiaketa garrantzitsuak dira Opena, eta Udako Espainiako txapelketa. Beraz, Open Txapelketa honetako helburu nagusitzat hartu dut nire marka jaistea, eta posible bada final Juniorrera sartzea. 
 

Zenbat eta zein probetan ariko zara?

Indibidualetan, 200, 400  eta 1500 estilo librean, eta 200 bizkarreko proban. Gero taldean hiru errelebo ditugu, 4 x 200 libre eta 4 x 100 libre, eta azkena 4 x 100 estiloetan. Proba bakoitzaren denbora metroen araberakoa da, 100 metro direnak 53 bat segundo izaten dira, 200ekoak minutu bat eta 57 segundo; 400 metrokoak 4 minututik behera egiteko asmoa daukat, eta 1500 metroetan, 16 edo 20 minutu ingurukoak izaten dira. 
 

Malagako hiribiruan, Inacuan, zen jokatzekoa Txapelketa, baina Torremolinosera igaro da. Zergatik aldaketa?

Duela 10 bat egun erori zen Malagako pistinako sapaia, zauritu bat eta guzti egon zen. Beraz, ezbehar hori gertatu ostean, segurtasunagatik Open txapelketa Torremolinosen egitea erabaki zuten. Baina esan daiteke estruktura arazo batek lekualdatu duela txapelketa.  
 

Tolosaldearekin erreleboetan ariko zara. Dominaren bat lortzea haundia litzateke.

Oso ondo egongo zen domina etxera eramatea, gainera, 4 x 100 estiloetako erreleboetan laugarren gaude, eta hirugarren postuan doa Bidasoa, Iruneko taldea. Hor lehia bizian jarraitzen dugu, segundo bateko diferentziarekin, baina gu azpitik goaz. Beraz, esan dezaket, Bidasoa pasatzea izango dugula helburuetako bat. 
 

50 metroko igerileku olinpikoan da Opena. Nahiago duzu 25 metrokoa edo 50 metrokoa?

Gogorragoa da, baina nik nahiago dut 50 metrokoa. Jendeak 25 metrokoan biraketak gehiago aprobetxatzen ditu, eta bentaja hartzen dute. Nire kasuan, biraketak ez dira nire indar-guneak, ni hobeto moldatzen naiz metro luzeetan. Fondista gisa hobeto nabil, horregatik egokiagoa da niretzat 50 metrokoan aritzea, eta marka hobeagoak egiten ditut.  
 

Euskal Herriko Txapelketan domina asko lortu dituzu. Espero zenuen?

Uste dut 9 bat irabazi ditudala. Egia esan gutxiago espero nituen, batzuk sorpresaz jaso nituen, adibidez, 200 metro bizkar proban. 
 

Zein dira urteko helburu nagusiak?

Helburu nagusia asteburu honetako Opena da. Urte hasieratik bi helburu nagusi izaten ditugu, izan ere, bi data seinalatu daude: lehena, asteburuko Opena, eta bestea Udako Espainiako txapelketa, uztaila amaiera aldera izaten dena. Horiek dira helburu nagusienak, txapelketa horietan aritu, marka jaisteko helburua oinarri izanik. 
 

Noiz hasi zinen igeri? eta zein izan da zure ibilbidea?

Txikitatik ikusi izan dut aita igeri. Bera igerilaria da, eta aita lehiatzen ikusten nuen txikitan. Hala ere, futbolean jokatzen nuen garai haietan, baina urte batetik bestera, igeriketara pasatzeko apustua egin nuen, eta inork ezer esan gabe, gogoa sartu zitzaidan bapatean. Hernanin hasi nintzen, herriko taldearekin, eta bi urte egin nituen bertan. Gero pasa nintzen Donostiako Fortuna taldera, eta bertan bost urte iraun nituen. Asko entrenatzen genuen Fortunan, eta momentu hartan hasi ginen Espainiako Txapelketetara joaten. Gaur egun Donostian jarraitzen dut entrenatzen baina Tolosako taldearekin nago lehiatzen. Oso gustura nago talde honetan. 
 

Zein da zure estilo edo probarik gustukoena?

Ezingo nuke proba bakarra aukeratu, baina bat aukeratzearren, nahiz eta asko sufritu, 1500 metro estilo libre proba da gehien gustatzen zaidana. Hor egin ditut marka onenak. 200 metro bizkar proba ere gustuko dut, baina esango nuke hobeto moldatzen naizela 1500 metrotako probetan. 
  

Zeharkaldietan ere aritzen zara arrakastarekin. Zer nahiago duzu igerilekua edo itsas zeharkaldiak?

Nik nahiago igerilekua. Nahiago izaten dut nire kabuz joan nire kalean, azkenean itsasoan golpeak egoten dira, kontaktu fisiko gehiago dago… Itsasokoa asko gustatzen zait, baina bat aukeratuko banu igerilekua izango litzake.

Itsasoan olatuak daude, eta irregulartasun puntu bat ematen dute. Igerilekuan zu zeure kaletik zoaz, baina aldiz itsasoan kontaktu gehiago dago, baldarragoa da.   
 

Non eta norekin entrenatzen duzu?

Donostian entrenatzen dut, CTGN izeneko talde bat daukagu, klub ezberdinetako gazteek entrenatzen dugu Jon Muruarekin. Espainiako txapelketarako prestatzen ari direnak entrenatzen dugu. Entrenamenduak egunero egiten ditugu, arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara, astelehenetik ostiralera. Eta larunbatetan goizeko 09:00etatik 12:00etara egiten dugu. Horrez gain, astean zehar goizen bat ere entrenatzen aritzen gara, aste osoan, 20 bat ordu entrenatzen ditugu. 
 

Ordu asko pasatzen duzu entrenatzen, eta aldi berean institutuan zaude. Zer moduz ikasketak? 

Zaila da, azkenean ez daukazu denbora askorik. Institututik atera eta entrenatzera joaten naiz, eta etxera itzultzen zarenerako berandu da. Zaila da igeriketa eta institutua batera eramatea baina tira, saiatzen naiz, eta antolatuz gero, posible da. 
 

Hernaniarra zara, baina Astigarragan bizi zara. 

Duela lau edo bost urte Hernanin bizi ginen, zentroan. Gurasoak lekuz aldatu nahi izan zuten, eta Astigarragara etorri ginen. 
 

Ez zara igerilari profesionala, baina heldu zaren lekura heltzeak, badu bere meritua... Uste zenuen honaino helduko zinela? Etorkizun batean, zein da zure asmoa?

Helburu nagusi bat daukat buruan: hobetzen joatea. Eta profesionala izatea zaila da, oso-oso ona izan behar duzu. Nire asmoa da saiatzea; pixkanaka, entrenatzen jarraitu eta noski profesionala izateko aukera etortzen bazait, ihes egiten utziko ez diodan aukera izango da. Pozik nago orain arte lortutakoarekin, profesionaletara heltzen banaiz ederki, eta iristen ez banaiz ere, lortutakoarekin harro nagoela esan nezake. Auskalo zer ekarriko duen etorkizunak, bitartean lanean jarraitu behar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!