Elorrabiko zubia Osiñagara eramateko proposamena, PSE-EEk

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 8a, 00:00

Jesús Mari López eta Ricardo Crespo, Elorrabiko zubian.

Aldaketa horrez gain, Elorrabin beste zubi bat eraikitzeko eskatu du, «oinezkoentzat ez ezik, ibilgailu motordunentzat izango dena». 

Hernaniko PSE-EEk eskaera egin dio Hernaniko Udalari, sustatu dezan Osiñagako sarbideak zubi berri batekin hobetzeko proiektu integral bat. Zehazki, eskatu du Elorrabiko zubian, sagardotegia eta Ibarluze industrialdea lotzen dituen horretan, oinezkoentzat eta ibilgailu motordunentzat beste zubi bat eraikitzeko. 

Ricardo Crespo  bozeramaile sozialistaren esanetan, zubi hori beste sarbide «erabilgarri, azkar eta zuzena» izango litzateke; «izan ere, egungo sarrerek udalerriaren zati bat zeharkatzera behartzen dute, Karabeletik edo Lizeagatik jaitsiz eta Portutik, edo errepideko beste sarreratik, Lastaola eta Ibarluze poligonoetatik sarbide zail eta nabarmen luzeagoa duena». Are gehiago, Crespok adierazi du gaur egun bigarren sarrera horretan lur-jausi bat egongo balitz, auzoa «ia inkomunikatuta» egongo litzatekeela. Gainera, nekazaritzako lanetarako eta sagardotegietako bezeroentzako sarbidea hobetuko litzatekeela ere nabarmendu du, «sarrera eta irteera gehiago izango lituzkeelako, zuzenagoak, eta, beraz, ibilgailuen joan-etorria banatuko litzateke, bide-segurtasun haundiagoa eskainiz», nabarmendu du bozeramaileak.

 

Helburua, sarbidea erraztea

PSE-EEren proposamenaren helburu nagusia da «auzora sartu behar duten auzokideei eta baita sagardotegietara, nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietara sartu behar duten kamioiei sarbidea erraztea, horretarako behar duten denbora murriztuz». Diotenez, ibilgailuek beste sarbide bat izango lukete, Elorrabi zubikoa, hain zuzen. «Beraz, herriak kamioien pasabidea murriztuko luke, eta, hortaz, herriko trafikoa hobetuko litzateke».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!