Ibrahim Dialloren heriotza dela eta, migrazio-politikak salatu dituzte

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 6a, 00:00

Amher elkarteak konponbideak emateko eskatu die agintari politikoei, eta Euskal Herria «harrera herria» izateko nahia azpimarratu du.  

Joan den martxoaren 30ean aurkitu zuten Ibrahim Dialloren gorpua, Bidasoa ibaiko uretan. Hiru aste zeramatzan desagertuta, eta hilik agertu zen 24 urteko gazte senegaldarra. Martxoaren 12an, beste bi lagunekin batera ekin zion ibaia gurutzatzeari, baina soilik bik lortu zuten beste aldera bizirik heltzea. 

Ezbeharraren bueltan, elkarretaratzea egin zuen Irungo Harrera Sareak joan den astean, eta korredore humanitario seguruak ezartzeko eskatu zuen. Horixe bera salatu du Amher elkarteak, izan ere, diotenez, «migrazio-politiken ondorioa» da gazte senegaldarraren heriotza. Gainera, Diallorenaz gain, beste zazpi heriotza ere izan direla salatu dute plataformek, eta horregatik, «Bidasoa izenik gabekoen ibaia izan ez dadin», konponbideak emateko eskatu diete agintari-politikoei. 

 

«Euskal Herria, harrera herria. Muga arrazistarik ez!»

Amherrek esan du Dialloren nahia zela «bizitza hobeago bat lortzea, Euskal Herriko eta espainiar estatuko herritar askok egiten duten bezalaxe». Horren aurrean, elkarteak eskatu du herritarak kitikoak, aktiboak eta arduratsuak izateko eta honako eskaera hauekin bat egiteko: «harrera iraunkorra, duina eta integrala izatea; eskubideak bermatuko dituen eta alternatibak sortuko dituen migrazio-politika sortzea; pertsonen zirkulazio askea eta giza eskubideen errespetua bermatzea, inor ez legez kanpokoa izatea; munduko potentzia ekonomiko nagusiek hegoalde globalean garatzen dituzten eta planeta osoan milioika pertsona miseriara eta/edo migraziora kondenatzen dituzten espoliazio- eta arpilatze-politika neokolonialistak salatzea; errespetua izatea beren etxeetatik eta herrietatik atera eta honaino iritsi behar duten pertsonentzat». 

Amaitzeko, Amherrek nabarmendu du «inork ez duela bere bizitza jokoan jartzen, ezta familiarena ere». Honako hauxe gehitu dute aipatutakoaren harira: «Pertsona guztiak migratzaileak izan gara eta gara, eta Euskal Herriaren Historia harrera-unez beteta dago, baina, zoritxarrez, baita ihes-garaiez ere».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!