Doinu berritzaileak eta pieza esklusiboak entzuteko aukera izango da igandean, arkupeetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 6a, 00:00

Hermuba Hernaniko Musika Bandak antolatuta, hainbat musikari sortzailek piezak aurkeztuko dituzte udaletxean, 13:00etatik aurrera. 

Igande berezia izango da datorrena, kulturaz eta musikaz betetakoa. Hain zuzen, 22. edizioko Korrikaren ostean, Hernaniko Musika Bandak antolatuta, kontzertua izango da udaletxeko arkupeetan, eguerdiko 13:00etan hasita. Aurreratu dute merezi duela bertaratzeak, konposizio munduan lehen pausuak ematen ari diren zenbait artistak beren piezak aurkeztuko baitituzte Hernanin, lehenengoz. 

 

Errepertorio «aberatsa»

Hainbat musikariren obrak entzuteko aukera izango da igandean. Hasteko, Izaro Txapartegi hernaniarrak eta Jon Esnaola tolosarrak Atlantako eta Hernaniko soinuak aurkeztuko dute. Jarraitzeko, Zumarragatik, Lander Zurdok El Desplantes pasodoblea partekatuko du bertaratzen diren ikus-entzule guztiekin. Ondoren, Garikoitz Mendizabal bakarlari lanetan arituko da emanaldian, eta txistu bakarlarientzako sortutako bi abesti joko ditu: Vacaciones de un tiempo pasado (Eduardo Moreno) eta Mont Saint Michel (David Rivas). Azken horretan, «erritmo eta eszena ugari» nahastuko direla jakinarazi dute musika bandakoek, eta ziurtatu dute «giro melodiko anitza» entzun ahal izango dela. Kontzertua amaitzeko, Joaquin Ortega Villar Canario musikari hernaniarrak sortutako De Canarias a Valtierra abestia eskainiko dute. 

Bertaratzeko deia luzatu diete hernaniarrei, «errepertorio ezberdin eta aberatsa» izango delako. «Hernaniko Musika Bandak inguruan dituen konposatzaileen kalitateari esker sustatutako emanaldia da, eta gainera, oso gutxitan edo orain arte aurkeztu ez diren piezak oholtzaratuko dira», adierazi dute. Hain zuzen, azaldu dutenez, bandaren xedea da ibilbide musikala aberasteko ekimenetan parte hartzea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!