Hitza eta ekina batuko dituzte gaurkoan, Dino Korrikan, Sandiusterritik abiatuta

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 6a, 00:00
2017ko Korrika, Hernaniko kaleetatik barrena.

22. edizioko Korrikako hitzordurako motorrak berotzen hasteko, adinekoen txanda izango da gaurkoan, goizeko 10:45etan hasita.

Korrika gero eta gertuago dugu, eta hori nabari da Urumeako herritarren artean. Horregatik, Hernaniko AEK euskaltegiak hainbat Korrika prestatu ditu herriko haurrentzat, gazteentzat eta helduentzat: besteak beste, Dino Korrika, Gazte Korrika eta Korrika Txikia.

Gaurkoan, Dino Korrika izango da 10:45etan, Sandiusterritik abiatuta. Besteak beste, parte hartuko dute Goiz Eguzkiko kideek eta Ttapa-ttapa egitasmoko partaideek. Bihar, berriz, Gazte Korrika, goizeko 10:30etan, Tellerigainetik hasita izango da. Etzi, ostiralean, Mikro Korrika ospatuko da, goizeko 10:00etan, Haur Eskolan, eta, ondoren, 10:30etan, Korrika txikiari emango zaio hasiera, Antziolako biribilgunetik hasita.

Astigartarrek ostiralean, 14:30etan, ospatuko dute Korrika txikia, Herri Eskolatik hasita. Goizuetarren kasuan, Korrika txikia antolatu dute larunbaterako, 17:30etan, Korrikan parte hartu aurreko beroketa gisa, eta gero, gaueko 01:00a aldera, 2188. eta 2189. kilometroetan egin ahal izango dute bat Korrikarekin. Bertan, Udal kideek eta Otso emeak goizuetar koadrilak hartuko dute lekukoa. Astigarragan eta Hernanin, berriz, igande goizean pasako da Korrika, goizeko 06:19etan Astigarragatik eta 06:49etan, aldiz, Hernanitik.

 

Argazki lehiaketa, martxan 

Korrika momentu ahaztezina izaten da euskaldun guztientzat, eta aurtengo edizioko momentu hunkigarrienak izozteko asmotan, argazki lehiaketa antolatu du Kronikak. Aurkeztu daitezke Korrika nagusiko, Dino Korrikako, Gazte Korrikako, Korrika Txikiko, Korrika Kulturaleko edota Korrikaren inguruko argazkiak.  

Denera, gehienez, hiru argazki aurkeztu daitezke, eta irudiak kronika@kronika.eus helbidera bidali behar dira apirilaren 14a baino lehen, JPG formatuan. Parte-hartzaileen artean, hiru sari banatuko dira Korrikako eta Doberako produktuekin osatutako hiru loterekin. Argazki guztiak Kronikako webgunean egongo dira ikusgai, eta herritarrek aukeratuko dituzte, beraien bozken bidez, bi argazki saridunak. Hirugarren saria, berriz, zozketa bidez erabakiko da. 

Honen harira, aste honetan, Kronikak 2001etik hasitako Korrikako argazki historikoak partekatuko ditu kronika.eus web orrian. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!