Mutil kadeteak azpitxapeldun, eta neskak laugarren, Euskadikoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 5a, 00:00

Hernaniko neska eta mutil kadeteak elkarrekin.

Hernaniko kiroldegian jokatu ziren Euskadiko Txapelketak kadete mailan, pasa den asteburuan.

Hernaniko kadete mutilak Euskadiko azpitxapeldun izan dira eta neskek laugarren postua lortu dute, asteburuan Hernaniko kiroldegian jokatu diren txapelketetan. Bi taldeek txapelketa ona jokatu zuten eta mutilek, txapeldunorde geratzea lortu zuten, pasa den astean jubenil mailan gertatu zen modura. 

San Adrian eta Lekeitio talde bizkaitarrei irabazi zieten hernaniarrek 2-0 eta 2-1 emaitzarekin, eta hirugarren partiduan 0-2 galdu zuten Udapa gasteiztarren aurka. Meritu haundia dute mutil hauek, izan ere, jokalari gehienek hilabeteak daramazkite boleibolean jokatzen, hiru hilabete bakarrik daramakitenak ere badaude. Gainera, kiroldegian entrenatzeko mugak nabarmenak dira, denbora eta leku aldetik. 

Neskek ere txapelketa ona jokatu zuten. Lekeitiori 2-0 irabazi zioten lehen partiduan eta finalaurrekoan 0-2 galdu zuten Madre de Dios talde bizkaitarren aurka. Ondoren, hirugarren eta laugarren postua jokatu behar izan zuten. Hirugarren postuaren bila, Galdakaoren aurka, 1-2 galdu zuten hernaniarrek, partidu parekatu eta gogor baten ondoren. Sestao izan zen txapelduna, Madre de Dios bigarrena, Galdakao hirugarrena eta Hernani laugarrena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!