«Sinestezina da Udalak milioika euroko gerakina izatea urtero»

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 4a, 00:00

Andoni Amonarraiz, EAJ-PNVren bozeramailea, joan den astearteko Plenoan.

Hernaniko EAJ-PNVk salatu du, urtero hazten ari dela Udalaren gerakina, «Gobernu Taldearen eraginkortasun eta kudeaketa exkaxagatik».

Aurreko astearteko Plenoan aurkeztu zuen Udal Gobernu Taldeak, Hernaniko Udalaren 2021eko aurrekontuaren likidazioa. Eta horren harira, bere ikuspegia eman du Hernaniko EAJ-PNVk. Salatu du, Udalaren gerakina hazten ari dela urtez urte, «Gobernu Taldearen eraginkortasun eta kudeaketa exkaxagatik». Bere ustez, «sinestezina» da Udalak «milioika euroko gerakina izatea urtero, EH Bilduren kudeaketa ereduagatik».

Andoni Amonarraiz EAJren bozeramaileak azaldu du, Udalak 23,5 milioi euroko gerakina daukala; eta uste du, horietatik «4,7 milioi euro bakarrik» gorde behar dituela derrigor: «Zikuñagako paper-fabrika haunditzeko obren fiantza, lurzoruaren erosketa, adinekoentzako gastu esklusiborako herentzia bat, Añarberekin duen konpromiso bat, eta hasitako proiektu batzuetarako milioi bat euro inguru (Sandiusterri birgaitzea, Elizatxo ikastolako gela...). 23,5 milioi euro horiei 4,7 milioi kentzen badizkiegu, 18,8 milioi euro inguru dauzkagu». 

«2015etik gauzatu ez diren proiektu eta partidak gerakina haunditzen ari dira» 

Zentzu horretan, Amonarraizek azaldu du «erabaki politikoa» dela zertarako erabili diru hori: «ez gatoz bat EH Bilduren erabakiekin. 2015etik gauzatu ez diren proiektu eta partidei dagozkien 6,5 milioi euro pasa ditu 2022ko aurrekontura. Horiek gerakina haunditzen ari dira. Diru horretatik, 4,5 milioi euro dijoaz inbetsioetara, eta 2020an eta 2021ean gertatu bezala, %30a bakarrik gauzatuko da», adierazi du bozeramaileak.

Bestalde, alderdi jeltzalea ez dago ados, Galarretako zati pribatu bat garatzera bideratutako 2 milioi euro baino gehiago, 3 urtez «kajoian» edukitzearekin: «Udaleko teknikariek ere, adierazi digute oso zaila dela horretara bideratutako diru publikoa berreskuratzea». Beste 0,7 milioi euroko partida bati ere egin dio erreferentzia, zentzu berean: «Ave Maria birgaitzeko mantendu da partida hori, eta oraindik ez dute proiektua bera ere egin. Kudeaketa eredua da arazoa».

Xabier Lertxundi alkateak, Plenoan azaldu zuen apirilean aurkeztuko diela proposamena oposizioko alderdiei, erabakitzeko zertara bideratu gerakina; eta horri ere egin dio erreferentzia Amonarraizek: «gainerako 8,4 milioi euro horietatik, aurreratu digute 2 milioi euro bideratuko direla futbol eta errugbi klubekin egindako akordio batera, nahiz eta oraindik ez diguten akordio horren inguruko informaziorik eman. Espero dugu aukera ematea, gainerako 4,5 milioi euroak erabiltzeko proposamenak egiteko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!