Bere multzoko lider bukatuko du Hernanik, Eibar nagusitasun haundiz menderatuta

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 4a, 00:00

Aukerarik ez zion eman Hernanik Eibarri, atzo eguerdian, Landaren.

Trikoloreek 59-7 irabazi zuten atzo Landaren, bigarren sailkatuaren kontra, bederatzi entsaio lortuta. 19 punturen aldea daukate sailkapenean.

Oraindik zalantzarik bazen, kolpetik uxatu zituen Hernanik atzo, Landaren: trikoloreak dira A multzoko talderik indartsuena, aldearekin, behin igoera fasetik kanpo geratuta. Hernaniarrek 59-7 menderatu zuten Eibar, bigarren sailkatua; eta dagoeneko ziurtatu dute multzoko lider bukatzea: bi partiduren faltan, 19 punturen aldea daukate sailkapenean.

Aurreko asteburuko porrotaren arantza, pintza batzuen beharrik izan gabe atera zuen Hernanik. Hasi eta berehala lortu zituen bi entsaio, Eneko Garciaren eta Jose Luciano Abeciaren eskutik, biak ere Beñat Aricetak transformatuta (14-0). Eta Eibarrek entsaio batekin erantzun zuen arren, beste birekin bueltatu zion kolpea Hernanik: Xabier Lukasek eta Igor Etxeberriak egin zituzten, berriro Aricetak gauzatuta. Horrela, 28-7 iritsi ziren atsedenaldira.

Ez zen ezertxo ere aldatu bigarrenean: beste bi entsaio hasi eta berehala, Jon Ander Zapiainek eta Aricetak, eta denak transformatzen jarraitu zuen Aricetak berak (42-7). Eta azkeneko ordu laurdenean, abiadura erakustaldia Anartz Elosegik: hiru entsaio lortu zituen segidan, ezker hegaletik korrikaldi luzeak eginda.

Anartz Elosegi, azkeneko ordu laurdenean lortu zituen hiru entsaioetako batera bidean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!