Odol ematea bihar Aratzen, eta etzi Iturolan

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 3a, 00:00

Odola emateko hitzordu berezia jarri du ikastolak, 16:00etatik 19:00etara. Asteartean, ohiko deialdia, ordua eskatuta.

Odola emateko aukera bat ez, bi izango dira datozen egunetan, Hernanin. Batetik, hilero bezala, ohiko hitzordua jarri du Hernaniko Odol Emaileen Elkarteak, etzi, hileko aurreneko asteartean. Iturolan izango da, Florida auzoan, arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara. Eta ohi bezala, aldez aurretik eskatu beharko da ordua, astearte goizean zehar deituta, 943 00 78 84 telefono zenbakira. Deia luzatu diete herritarrei, «datozen jaiegunen ondoren erreserbak ez jaisteko».

Eta bestetik, ezohiko hitzordua jarri du Aratz ikastolak, bihar, eskolan bertan. DBH1 mailan, odol emaileen inguruko proiektua ari dira lantzen; eta horren harira, estrakzioa antolatu dute proiektuari bukaera emateko, bihar arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!