Patxi Modinoren senideei kalte ordaina bost enpresak, amiantoagatik

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 3a, 00:00

Donostiako Auzitegiaren epaia atzera bota du EAEko Auzitegi Gorenak, eta 313.185,24 euroko kalte ordaina agindu du Modinoren senideentzat.

313.185,24 euroko kalte ordaina eman beharko diete bost enpresak (Sidenor, Cofivacasa, Montajes Nervión, Monesa eta José María Ucín), Patxi Modino hernaniarraren ondorengoei, amiantoarekin kontaktuan lan egin zuelako, eta horrek eragin zion biriketako minbiziaren ondorioz hil zelako. Hala erabaki du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenak, Donostiako Auzitegiaren epaia atzera botata, eta Modinoren seme-alabek eta alargunak aurkeztutako helegitea aintzat hartuta.

Patxi Modinok 1969tik 1992ra egin zuen lan Pedro Orbegozo-Acenorren, eta itxi zutenean, instalazioak desmuntatzen aritu zen, Montajes Nervión enpresarentzat lanean, 1994ra arte. Ondoren, hiru urtez aritu zen José María Ucín enpresan, eta Bicolan ETTak kontratastuta, baita Olaberriako Arcelorren ere, mantenimendu lanetan. Azkeneko enpresa horrek, egiaztatu zuen 1984an amiantoa ordezkatu izana, eta absolbitu egin du Auzitegi Gorenak. Gainerakoetan, amiantoarekin eta bestelako kantzerigenoekin kontaktuan aritu zen lanean.

2017ko azaroan detektatu zioten minbizia, ezkerreko birikan; eta 2019an ezintasun osoa aitortu zioten. Epaitegietara jo zuten kalte ordain eske, baina Donostiako Auzitegiak ez zuen aintzakotzat hartu. 2020ko azaroan hil zen Modino.

Haren senideek helegitea aurkeztu zuten, eta sententzia errebisatzea onartu zuen EAEko Auzitegi Gorenak. Orain, arrazoia eman die senideei, eta kalte ordaina agindu du, adieraziz agerikoa dela «arau-hausteak» daudela «gaixotasun profesionala eragin duen substantziari buruzko prebentzio neurrietan». Sententziarekin pozik azaldu da Asviamie (Amiantoaren Biktimen Euskadiko Elkartea), Donostiako Auzitegiaren «sententzia negazionista desegin» duelako. Horren harira, galdetu du: «noiz arte jarraituko du Ricardo Bandrés epaileak sententzia negazionistak ematen? Onartezina da, eta bada garaia instituzioek eta gizarteak erreakzionatzeko, sufrimendua haunditu egiten duten injustizia horien aurrean».

 

Joan den asteazkenean, beste epaiketa bat

Amiantoarekin lotuta, beste epaiketa bat izan zen Donostiako Auzitegian bertan, Desidero G.M. urnietarra zenarena. Pedro Orbegozo-Acenor enpresan egin zuen lan 1962tik 1987ra. 2020ko ekainean hil zen, biriketako minbiziaren eraginez, 2019ko apirilean detektatu ziotena. 159.754,96 euroko kalte ordaina eskatu dute haren senideek, haren heriotzagatik. Epaiketaren egunean, kontzentrazioa egin zuen Asviamiek, Donostiako Auzitegiaren aurrean, babesa erakusteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!