Aste Santua ate joka dugu dagoeneko eta, horrekin batera, herritik mugitu gabe, makina bat plan izango ditugu nahi dugunekin gozatzeko. Hernanin, ibilbideak osatzeko parada zabala dago; paseo batzuk mendikoak dira, beste batzuk herrian bertan osatzekoak... Eta zer hobe kilometrotxo batzuk egin ostean tripa goxo-goxo betetzea baino? Ariketa fisikoa egiteko, ingurua ezagutzeko zein tokiko gastronomian murgiltzeko planak aurkituko ditugu herrian.
Latxunbe jatetxetik hasita, ibilbide paregabea izango dugu aurretik. Mikelen eta Aitorren jatetxeko punta-puntako pintxo nahiz platerekin gozatu ostean, prest egongo gara kilometro gutxiko paseoa hasteko. Latxunbetik atera eta eskubitara hartuko dugu, Urbieta kalea jarraitu eta Antziolako biribilgunera heldu arte. Hortik, ezkerretara egin eta lehenengo kalean eskuinetara aldatuko dugu noranzkoa. Hortxe izango dugu, Antziola eta Iturmendi kaleen bidegurutzean, eskuinetara, bide eder baten hasiera. Belardia ezkerraldean eta eskuinaldean, etxeak, Haurreskola... Etxeberri auzoa izango dugu hurrengo geltokia. Bertako tunel baxua gurutzatu, Vadrisa enpresa eta zubia pasa, eta eskuinetara okertuko dugu bidea. Landare eta Zubipe eskuinaldean ditugula, Urumea ibaiaz gozatzeko aukera izango dugu ibilbideko azken txanpa honetan. Karabelgo zubia pasa eta auzotik barrena jarraituko dugu bidea. Hortxe, bi aukera izango ditugu Kaxkora, azken helmugara, heltzeko: igogailua hartzea edota trenbideko eskailerak igotzea. Hori, zuen aukeran. Erdigunera heltzean, herriko ondarea ezagutzeko aukera mordoa izango ditugu aurretik.
Hirigune historikoa ezagutuz
Kaxkora iristean, Hernaniko hirigune historikoa ezagutuko dugu. Garai batean, herria harresiz inguraturik zegoen eta, gaur egun, garai hartako hainbat etxebizitza ezagutu ahal izango ditugu.
Duela milaka urte, herrira sartzeko bost sarrera-ate zeuden, eta itxura obalatua zuen horiek gurutzatu osteko gune itxiak. Bere sorreran, hiru kalek bakarrik osatzen zuten Alde Zaharra: Kale Nagusiak, Karkabak eta Andre Kaleak. Azken honek, garai batean, Urumea eta Kardaberaz izenak ere izan ditu.
Herri erdigunean, bi kale horien artean, gune ireki bat gelditu zen: Plaza Berri. Historikoki, merkatua egin izan den plaza da, eta gaur egun ere Behemendiko azoka, esaterako, hortxe egiten da. Horrekin batera, erdigunearen zatirik altuenean, beste gune ireki bat osatu zen: Gudarien Plaza. Egun, enparantzaren sarrera arkuari lotuta dago, eta bertan daude udaletxea zein San Joan Bataiatzailea parroki-eliza.
Esanak esan, Alde Zaharrak mantentzen ditu Erdi Aroko kale eta eraikin gehienak. Horregatik, Hernaniko hirigune historikoa ezaguna da Euskal Herriko interes historiko-artistikodunetako bat izateagatik.
Aipatutako ibilbidean barrena goazela, Karabeletik igo eta herri erdigunera iristean, Andre Kalera iristeko, arkua topatuko dugu parez pare. Txili tabernaren eta Arriatzu dendaren tartean dago, eta 2002an berreraiki bazuten ere, XVI. mendearen bigarren erdikoa da arku zorrotz hori.
Arkua gurutzatuta, Tripontzi taberna izango dugu helmuga, Andre Kaleko 11 zenbakian. Ibilbidea ezin hobe amaitzeko, otordu goxoa egiteko aukera izango dugu tabernan. Esku zabalik hartuko gaituzte Amaiak, Igorrek eta bertako langileek, bazkaltzeko, afaltzeko zein hamaiketako borobilak eskaintzeko prest.
Hirigune historikoan gehiago murgiltzeko gogotsu daudenek, ibilbidea jarraitu dezakete Andre Kalen zein Kale Nagusian. Tripontzitik atera eta kale horretan bertan, 28 zenbakian, jatorrizko Erdi Aroko etxearen profila duen eraikuntza aurkituko dugu, egurrezko eta adreiluzko egiturarekin. Eta Kale Nagusian, beste hainbat eraikin historiko ikusteko aukera izango dugu, besteak beste, honako zenbaki hauetan: 2, 13, 15, 16, 17, 20, 33, 43, 45 eta 50.
URBIETA - KAXKOA
Luzera: 3 kilometro t'erdi
Hasiera: Urbieta kalea
Bukaera: Kaxkoa
Deskribapen laburra: Urbieta kaletik hasiko dugu ibilbidea eta Antziola izango dugu hurrengo geltokia. Iturmendira igotzen hasi aurretik, eskuinera hartuko dugu, eta bidea jarraituko dugu Sagastialdeberri eta Haurreskola eskuinean ditugula. Segituan ikusiko dugu Laiztiaga auzoa ezkerretara. Etxeberri auzoko tunela gurutzatu eta 100 bat metro aurrera eginda, bidea hartuko dugu eskubitara. Landare eta Zubipe ikusiko ditugu eskuinetara, eta Urumea ibaiaren kontrako bidea eginez, Karabelgo zubira helduko gara. Auzoa gurutzatu eta, azkenik, gorantza abiatuko gara trenbideko eskailerak igota edo igogailua hartuta, Kaxkora heldu arte.
Latxunbe jatetxea
Ilusioz ekin zioten jatetxea irekitzearen bideari Aitor eta Mikel anaiek 2020ko abenduan. Ateak zabaldu zituztenetik, arrakasta hutsa izan du Latxunbe jatetxeak, mahai guztiak betetzen baitira egunero-egunero, bazkalorduan zein afalorduan. Eta hori ez da kasualitatea, herriko gastronomiaren aldeko apustu garbia egiten baitute Perez anaiek. Gainera, mimo haundiz prestatzen dituzte plater guztiak, eta barietatea da nagusi pintxoetan, menuan, kartan zein kartaz kanpoko eskaintzetan. Aste barruan, arraia, mariskoa, haragia, entsaladak eta bestelako platerak izaten dituzte 15 euroko menuan. Gero, asteburuetan, karta izaten da aukeran. Horrez gain, kartaz kanpoko eskaintza ere izaten dute, garaiko produktuetara egokitutako elaborazioekin. Horrekin batera, erosketa-saskian soilik sartzen dituzte produktu freskoak, eta plater guztiak etxean egindakoak dira. Hori da, hain zuzen ere, jatetxearen filosofia eta oinarria. OTORDUETAKO ORDUTEGIA |
Tripontzi jatetxeaAski ezaguna da Tripontzi taberna herrian. Denetarik izaten dute aukeran Igorrek eta Amaiak: pintxoak, platerak, ogitartekoak... Garaiko produktuekin osatzen dute eskaintza eta, gainera, beti izaten dituzte produktu freskoak. Horrekin batera, bertakoaren aldeko apustua egiten dute Tripontzin. Horregatik, ahalegintzen dira menurako zein kartarako plateretan 0 Kilometroko eskaintza izaten. Sukaldaritza tradizionala da tabernaren bereizgarria, eta bertako sukaldeko ikutuarekin, plater borobilak eskaintzen dizkiete bezeroei. Astelehenetik ostiralera, eguneko menua izaten da aukeran, 12 euro t'erdian. Kafearekin, berriz, 13 euro t'erdi balio du. Tripontzi zein udaberri entsalada, pasta, arroza, legatza, etxeko albondigak saltsan, eta beste asko izaten dituzte menuan. Horrez gain, karta ere badago, eta arraia, haragia, zein bestelako hainbat plater izaten dira. Eta, noski, eramateko ogitartekoak eskatzeko edo barran jateko aukera dago ostegunetik larunbatera. ORDUTEGIA Astelehenetik asteazkenera 10:00 - 16:00 Ostegunetik larunbatera 10:00 - 16:00, 18:00 - 00:00 |