Gipuzkoako Batel Txapelketan, Hernanik ikurriñak irabazi nahi ditu

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 2a, 00:00

Denontzat taldekoek emaitza onak lortu dituzte Maastrichten (Herbehereak) jokatutako Europako Crossfit txapelketan. Ismael Mateo txapeldun izan da 45-49 urte arteko mailan; Asier Landart eta Dani Ares azpitxapeldun geratu dira binakako mailan; eta Aitor Lizarazuk 17garren amaitu zuen Hyrox Pro Men kategorian.

Gipuzkoako Batel Txapelketa gaur eta bihar artean jokatuko da Pasai Donibanen. Sailkapen estropadak 10:30etan hasiko dira eta estropada hauek ere Batel Ligarako baliogarriak izango dira. Gainera, Hernanik aukerak ditu ikurriñak irabazteko.

Bihar, igandean, finalak eta promozio estropadak jokatuko dira, 10:00etatik aurrera. Ligaren nondik norakoa ikusita, Hernani faborito izango da urrea lortzeko promesa nesketan.

 

Legution ondo, Beñat Odriozola eta batelak

Aurreko astean, partaidetza nabarmena izan zuten Hernaniko arraunlariek. Beñat Odriozolak, arraun egokituan, bere denboraldiko prestaketaren baitan, Legutioko lakuan, Aulki Mugikorreko II. Konfrontazioan parte hartu zuen: 1000 metro, 04:57,22etan osatu zituen.

Legution ere, baina hurrengo egunean, bateletako Gipuzkoa eta Bizkaiko arraun elkarteen arteko lehia jokatu zen. Emaitza ederrak lortu zituzten hernaniar arraunlariek. Promesa eta nagusien mailetan, neskek garaipenak lortu zituzten. Lutxana, Hibaika eta Mundaka erraz garaitu zituzten neska absolutuek. Promesa neskek erakutsi zuten, gaur egun, Euskadiko batel onena direla. Infantilek, alebinek eta jubenilek ere parte hartu zuten.

Larunbat arratsaldean, Maialen traineruak San Pedroko jaitsieran parte hartu zuen. Emakumezkoen trainerua bere prestaketan murgilduta dago denboraldi hasierari begira, nahiz eta arraunlariak ez ziren gustura gelditu egindako lanarekin. Azken postuan sailkatu ziren. Hurrengo eguneko garaipenak zapore gozoa utzi zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!