Hernanik matematikoki aurrena amaituko du bere multzoan bihar Eibarrekin berdintzen badu Landaren

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 2a, 00:00

12:00etan hasiko da partidua, eta bi lehenengo sailkatuen arteko gipuzkoar derbia izango da.

Hernanik Eibarren aurka jokatuko du bihar, 12:00etatik aurrera, Landaren. Ez da bakarrik gipuzkoar derbi bat izango. Multzoko bi lehenengo sailkatuen arteko norgehiagoka izango da eta, gainera, Hernanik irabazi edo berdinduko balu, matematikoki lehenengo postuan amaituko luke bigarren fase hau. Hori bai, kontuan hartu behar da jokoan ez dagoela ez igoerarik, ez eta jaitsierarik.

Patrick Polidorik bigarren fasea erabili du gazteei aukerak eta minutuak emateko. Maila altuan lehiatzeko eta eskarmentua hartzeko oso egokia izaten ari da, nahiz eta aurreko astean urteko fase honetako lehenengo porrota iritsi. Hori ere helburu izango da gaur, aurreko asteko Bilboko arantzatxoa kentzea, hain justu. 

Hernanik 60 puntu ditu sailkapenean, Eibarrek 46 eta hiru jardunaldi falta dira liga amaitzeko. Berdinketak hamalau punturen aldea mantentzea ekarriko luke bi jardunaldiren faltan, eta garaipenak hamazazpi punturen aldea izatea. Lehenengo postua ziurtatuta izango da beraz, berdinketarekin.

Lehenengo fasean, azaroan, Hernanik 5-25 irabazi zuen Unben, baina, ordutik, taldeak eta helburuak aldatu dira. Hala ere, Hernani faborito da etxean irabazteko.

Denboraldia amaitzeko beste bi partidu gelditzen dira. Datorren astean, Palenciak egingo dio bisita Hernaniri, Landaren jokatuko den azken partiduan. Denboraldia apirilaren 24an amaituko dute hernaniarrek Donostian, Bera Beraren aurka. 

 

Hernani-Burgos: 23 urtez azpikoak gaur, Landaren

Denboraldi bikaina osatzen ari dira 23 urtez azpikoak. Aurreko astean El Salvador lider indartsua garaitu eta gero, gaur Burgosen aurka jokatuko dute, 16:00etan, Landaren. 

Lehenengo faseko azkenaurreko partidua izango da eta garaipenak laugarren postura hurbildu dezake taldea. Bigarren fasean, jokatuko dira Urrezko Kopa, Zilarrezko Kopa, Brontzezko Kopa eta Berunezko kopa. Hirugarren eta laugarren sailkatuak zilarrezkora sailkatuko dira eta bosgarrena eta seigarrena brontzezkora.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!