Incansablesen 50. urteurrena gaur ospatuko da Hernanin, kalejira jendetsuarekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 2a, 00:00

Incansables txaranga 1971n, Basakabin; ezkerretik eskuinera, 'Sietemesino', 'Canario', 'Pipas', 'Zapa' eta 'Paotxa'.

Plazan elkartuko dira, 11:45etan, azken 52 urteetan txarangan parte hartu duten 80 musikariekin eta euren familiekin. Andre Kaletik jaitsi eta Kale Nagusitik igoko dira eta Deportivo parean 'Zapa' gogoratuko dute.

Herriz herri, Euskal Herri osoan eta kanpoan, festetako soinu banda nagusia da oraindik ere Incansables txaranga. 1970eko udan elkartu ziren Ergobiko festetan jotzeko Felipe Sagarna Zapa hernaniarra (kaxa), Jesus Mari Zalakain Pipas villabonatarra (bonbardinoa), Jose Francisco Esnaola Paotxa tolosarra (tronboia), Txomin Castro Sietemesino villabonatarra (tronpeta) eta Joakin Ortega Villar, Canario (saxofoia). 50 urte bete zituzten 2020an, baina zorigaiztoko Koronabirusaren ondorioz ez zen ospatzerik izan nahi bezala.

Bi urte eta gero iritsi da jai berezi bat antolatzeko garaia. Egun hori gaur da, eta Incansables txarangan parte hartu duten musikariak eta beraien senideak kalejira berezi bat egingo dute. «Bizirik dauden 80 musikari gutxi gorabehera eta euren bikote eta senideak elkartuko gara gaur, Plazan», azpimarratzen du Joakin Ortega Canariok. 

Txatarra txarangarekin Hernanin, 1964ko ekainaren 25ean. Biyok argazkiak.

11:45etan elkartuko dira Gudarien Plazan, eta, hortik abiatuta, kalejira egingo dute Kaxkotik barrena. «Betiko ibilbidea izango da. Andre Kaletik jaitsiko gara eta Kale Nagusian barrena Plazara itzuliko gara,  gutxi gorabehera 13:00etan amaitzeko», gogorazi du Canariok.

 

'Zapa' gogoratuko dute Deportivo taberna ondoan 

Kalejirak geldialdiak izango ditu, baina horietako bat berezia izango da. Deportivo ondoan Felipe Sagarna Zapa gogoratuko dute bere oroigarriaren parean. Zapa aurreneko Incansables txarangako partaide-sortzailea izan zen, eta 1980ko apirilaren 19an erail zuen Batallon Vasco Españolek bere etxeko portal parean. Estatu terrorismoaren atentatu bateko biktima izan zen.  

Incansables Euskal Herriak eman duen txarangarik ezagunena da. Hernanin, Txatarra txaranga sortu zen 64an, eta bertan hasi zen Canario, 12 urterekin. Pipasek eta Esnaolak ere bertan jotzen zuten, eta Zapatero ere koadrilakoa zen. Sietemesino Tolosako Kabi Alai txarangan, inauterietako koadrilan aritzen zen villabonatar eta tolosarrarekin, eta horren ondoren, Hernaniko Bandara etorri zen.

«San Joanetan elkartzen ginen. Zezenak Plazan izaten ziren, eta bi txaranga aritzen ginen Elizako atariko bi arkuetan; Txatarra eta Beti Lagun. Badago argazki bat Onddi tabernan, 64ko ekainaren 25ekoa izango da. Horrela hasi zen gure historia. Ergobin elkar ezagutzen genuen laurok elkartu ginen, eta denbora falta genuenez, Zapaterori deitu genion. Garai hartan, txarangetarako, han eta hemengoak elkartzen ginen».

Ergobin jotzen bi-hiru egun egindakoan, baten batek esan omen zien: «nahiko txukuna da entzuten dena. Zergatik ez zarete urtero berdinak etortzen?». Zergatik ez? Pentsatu zuten. Eta hala, 71n, han-hemenka jotzen hasi ziren; Leitzan, Goizuetan eta Ergobin, besteak beste. «Beti esaten dugu gure tranpolina Leitza izan zela; aurreneko urtean Andoainen jo genuen egun batez, Villabonan beste batez... Baina, Leitzan, bost egun izan ziren». 

 

Incansables txarangaren 50 urteak biltzen dituen disko-liburu arrakastatsua

Incansables txarangak 50 urte bete zituen 2020an. Urteurren berezia izateko eta orain arteko historia memorian geratzeko, disko-liburua kaleratu zuten. Plaza Berriko kioskoan lehenengo sorta agortu eta gero, bigarren sorta jarri zen salgai 20 eurotan. Txarangaren diskoetan bildutako bederatzi abestik osatzen dute diskoa. Liburuan beraien historia biltzen da, eta hainbat pasadizo eta anekdota kontatzen dira. 

Bertan, Canariok, In­can­sablesen 50 urteak bertan bete dituen bakarrak, aurreneko pertsonan kontatzen ditu hain­bat bizipen, txarangaren his­to­rian zehar gertatutakoak. Mu­si­kari dagokionez, 50 urte horietako doinu esanguratsuenak edo­ta ibilbide horretan esanahi be­re­ziren bat hartu zutenak sartu zituzten. Gehienak, nola ez, bereak. 9 bat piezako dis­koa da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!