Indarkeriaren aurkako erakundeen esperientziak argitara, hilaren 5ean

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 1a, 00:00

Ndéye Marie Sagna senegaldarra izango da hizlarietako bat.

Senegal, Argentina, Brasil eta Euskal Herriko ekintzaile eta defendatzaile feministak hartuko dute parte, apirilaren 5erako antolatu den mahai-inguruan. 

Datorren asteartean,  OMALek (Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak) mahai-inguru bat antolatu du arratsaldeko 18:00etarako, Kulturarteko Plaza Feministan. Mahai-inguru hau Indarkeriaren aurkako erakunde komunitarioaren esperientziak izenburupean izango da: «eztabaida feminista sustatze aldera» adierazi dute antolatzaileek. 

Mahai-inguru honetan, Senegal, Argentina, Brasil eta Euskal Herriko ekintzaile eta defendatzaile feministek bakearen eta giza eskubideen defentsaren aldeko estrategia komunitarioen eraikuntzan duten esperientziak partekatuko dituzte. 

«Mobilizazio feminista globalen azken zikloak agerian utzi dituzte mugaz gaindiko agenda feminista antikapitalista eraikitzeko ahalmena badagoela, bai eta elkartzeko eta elkarrizketarako guneak sortzearen garrantzia ere». Internazionalismo feminista horretan laguntzeko asmoz, Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak (OMAL), hainbat erakunde sozial eta feministekin aliantzan, eztabaida feministarako hainbat gune antolatu dituzte apirilerako Euskal Herriko Hainbat udalerrietan, eta tartean dago, Hernani. 

Honakoak izango dira apirilaren 5ean, Hernanin egingo den mahai-inguruko hizlariak: Kabonketoor erakunde senegaldarreko Ndéye Marie Sagna, Casamancen (Senegal) bake prozesuetan lan egiten duen emakumeen erakundea; Anabella Antonelli eta Victoria Fernández Casa Comunidad de (Cordoba, Argentina) erakundeko kideak, indarkeria patriarkalen eta kapitalisten aurkako autodefentsa komunitarioko prozesuetan lan egiten dutenak; Leticia Oliveira, Brasilgo Movimiento de Afectadas por Represas (MAB) erakundeko kidea, megaproiektuen aurrean, lurraldearen defendatzaileak; eta Flora Pozzobon, Arratiako Basoa proiektuko kidea, defendatzaileei eta mugimendu sozialei aterpea eskaintzen dien proiektu autogestionatukoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!