Eztabaida Plenoan, aurrekontuaren likidazioarekin eta mozioekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 31a, 00:00

Ricardo Crespo, PSE-EEko bozeramailea, Plenoko interbentzio batean.

Udalak pilatuta daukan gerakin haundia eta inbertsioen exekuzio maila bajua salatu zuten oposizioko alderdiek.

Korapilatsua bezain luzea izan zen Hernaniko Udalaren martxoko Plenoa, asteartean. Izan ere, eztabaida sortu zen lau udal taldeen artean, 2021eko udal aurrekontuaren likidazioarekin ez ezik, baita mozioekin ere.

Aurrekontuaren likidazioaren berri eman zuen Isa Sanchez Ogasun zinegotziak, hasteko. Azaldu zuen, 2021a ere ezohiko urtea izan zela, pandemiaren eraginez; eta horrek «zuzenean eragin» zuela aurrekontuaren exekuzioan. Aurreikusitakoa baino %16,2 haundiagoak izan dira diru-sarrerak (4.253.000 euro), «baina puntualak edo ezohikoak izan dira sarrera horiek». Tartean daude, Foru Funtsetik 2.309.000 euro gehiago jaso izana; Jaurlaritzatik eta Aldunditik dirulaguntza gehiago jaso izana (759.000 euro); zergetan 402.000 euro gehiago eta tasetan 365.000 euro gehiago bildu izana; edota 200.000 euro gehiago jaso izana hernaniarrek hondakinak ondo bereizteagatik (guztira 522.000 euro). Azkeneko horren harira, «herritar guztiak zoriondu» zituen Isa Sanchezek.

Ogasun zinegotziak azaldu zuen, gastuen %90 exekutatu dela. Eta inbertsioei dagokienez, %21a bukatuta dago, eta lizitazio-fasean daudenak gehituta, %34a dira. Hori horrela, 4.704.000 eurokoa da aurrekontuaren likidazioa, eta Udalak aurretik pilatuta zeukan gerakina gehituta, 8.377.000 euro dira. «Horrek aukera emango digu, aurretik datozkigun erronkei eta datorren egoerari erantzuna emateko. Adibidez, energiaren igoeraren eraginez, 500.000 euro gehiago bideratu beharko ditugu 2022an. Bestetik, erronka moduan, 2.000.000 euroko akordioa egin dugu futbol eta errugbi elkarteekin, Zubipe eta Landareko instalazioak hobetzeko».

Sanchezek berak azaldu zuen, 2021eko aurrekontutik 6.596.000 euro txertatuko direla 2022koan, 132 partidatan banatuta. Horietatik, 627.000 euro joango dira gastu arrunteko partidetara; 1.078.000 euro dirulaguntzetara, likidatu gabe geratu zirelako; eta 4.590.000 inbertsioetara. Inbertsioen artean daude honakoak: Urbieta kalearen peatonalizazioa, Biteriko ipar blokearen obrak, Sandiusterri berritzea, Kaxkoko argiteria aldatzea, Portu-Karabel oinezko lotura, eta Elizatxoko psikomotrizitate gela.

Ricardo Crespok, PSE-EEko bozeramaileak, inbertsioen gauzatze maila bajua nabarmendu zuen, eta adierazi zuen, «azalpen politikoen» falta sumatu zutela txostenean, likidatu diren zenbait partidatan. Gainera, adierazi zuen oposizioko alderdiek ez zekitela ezer, futbol eta errugbi elkarteekin egindako akordioari buruz.

EAJ-PNVko Andoni Amonarraizek, berriz, azaldu zuen «zur eta lur» geratu zirela, Udalak pilatuta daukan gerakina ikusita: «gure ikuspegitik gehiegizko gerakina daukagu urtero, eta lan egiteko modua aldatu ezean, horrela izaten jarraituko du». Eta Orain Hernaniko Jaione Aristregik ere, inbertsioen «gauzatze maila bajua» kritikatu zuen, eta adierazi zuen 6,5 milioi euro inguru gehiago 2022ko aurrekontuan txertatzeak, ekarriko duela «ezin aurre egitea aurreikusitakoari».

Xabier Lertxundi alkateak azaldu zuen, azkenik, apirilean zehar oposizioko alderdiei aurkeztuko dietela gerakina 2022ko aurrekontuan txertatzeko proposamena, eztabaidatuko dutela, eta apirileko Plenora eramango dutela, onarpena emateko.

 

Mozio guztiak onartuta, baina bakarra aho batez

Behin aurrekontuei buruzko gaiak landuta, Iruzurraren Kontrako Planari eman zioten onarpena, aho batez. «Europar Batasuneko dirulaguntzekin dago lotuta», azaldu zuen alkateak: «horiek jasotzeko baldintza batzuk daude, eta plan hau onartzea da horietako bat. Legeak berez jasotzen dituen gaiak daude bilduta planean, kudeaketa zuzena eta gardena egiteari buruz».

Azkar landu zuten gai hori, eta mozioei heldu zieten segidan. Elkarrekin Podemos-Orain Hernani udal taldeak aurkeztu zuen aurrenekoa, SAREB etxebizitza eskubidea bermatzeko tresna bihurtzeari buruzkoa. Kontra bozkatu zuten PSE-EEk eta EAJ-PNVk, neurri hori dagoeneko Diputatuen Kongresuak onartu zuelako urtarrilean, eta Hernanirekin lotura zuzenik ez duelako. EH Bilduk ere adierazi zuen mozioa ez datorrela «garai onean», baina alde bozkatu zuen, «mozioak oinarrian duen helburuarekin bat egiten dugulako». Horrela, Orain Hernaniren eta EH Bilduren botoekin onartu zen.

PSE-EEk aurkeztutako mozioa eztabaidatu zuten ondoren. Alderdi sozialistak mahai gainean jarri zuen, Osiñaga auzorako sarbideekin arazo bat dagoela: «bi sarbide bakarrik daude, lurjausiak eta bestelako arazoak gertatzen dira, eta une honetan sarbideetako bat itxita dago. Orain dagoen bide bakarra, ez da egokia sagardotegietako edota baserrietako jardunerako». Horregatik, PSE-EEk proposatu du Elorrabiko zubia egokitzea, ibilgailuak bertatik pasatzeko. Dena den, bozeramaileen batzordean adostu zuten, inguruko auzotarrekin eta interesatuekin lantzea gaia, haien beharrak jasotzeko. Aldaketa horrekin bozkatu zuten mozioa, eta aho batez onartu zen.

Eta azkenik, testu bateratua aurkeztu zuten EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-Orain Hernani udal taldeek, Mendebaldeko Sahararen auziari irtenbide politikoa ematea eskatuz, eta bere kezka adieraziz Espainiako Gobernuak babesa eman diolako Marokoko Erresumak Sahararen autonomiari buruz egindako proposamenari. Izan ere, modu horretan, Espainiako Gobernuak «errotik aldatu du bere jarrera», Nazio Batuen ebazpenak urratuz. Abstenitu egin zen PSE-EE, «jarrera aldaketa ezustekoa izan den arren, eta azalpenik eman ez den arren, testuingurua ere kontutan hartu» behar dela argudiatuz. EH Bilduren, EAJ-PNVren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin onartu zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!