Santoñara irteera berezia, igande honetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 31a, 00:00

Monte Buciero ezagutzeko irteera antolatu du Mendiriz Mendik, 07:30etan Atsegindegitik abiatuta.

Irteera berezia antolatu du Mendiriz Mendik, igande honetarako. Kantabriara joango dira, Santoñara; eta Monte Buciero ezagutzeko aukera izango dute, 18 kilometroko ibilbidea osatuta.

«Historia eta natura konbinatzen dira, Monte Bucierok dituen ibilbideetan. Kantauri isurialdean lehen zeuden artadi haundi horien aztarna gordetzen du. Eta ondare eta historia aldetik ere, toki aberatsa da. Beraz, Kantabriako eremu zoragarri honetaz gozatu nahi baduzu, etorri gurekin!», luzatu du deia elkarteak. Itsasoaren ondoan dago mendia, eta bere magalean, bi itsasargi ez ezik, hiru gotorleku ere badaude: San Carlos, San Martin eta Napoleon. Pico Ganzo izenekoa da Monte Bucieroren punturik altuena (376 metro).

Goizeko 07:30etan jarri dute hitzordua, Atsegindegin; eta autobusean joango dira Kantabriara. Ibilbide luzea izanagatik ere, zailtasun berezirik gabekoa dela nabarmendu dute, eta mendiko material arrunta nahikoa izango da. 5-6 orduko iraupena aurreikusi dute, eta egun berean bueltatuko dira autobusean.

Irteeran parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena: gaur edo bihar, 20:00etatik 21:00etara, Mendiriz Mendiren egoitzan (Iturregi plaza). Prezioa 17 eurokoa da bazkideentzat, eta 25 eurokoa bazkide ez direnentzat. Informazio gehiago jasotzeko ere, elkartera gerturatu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!