50garren urteurrena ospatzeko kalejira larunbatean, Incansablesek

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 30a, 00:00

Incansables txaranga, 2019ko San Joanei bukaera ematen.

Eguerdiko 11:45etan abiatuko da Plazatik, eta bertan izango dira txarangan aritutako musikari guztiak.

Egun haundia izango da larunbatekoa, txarangazaleentzat: bere 50garren urteurrena ospatuko du Incansables txarangak, Hernaniko Kaxkoan barrena. Eguerdiko 11:45etan jarri du hitzordua Plazan, eta ordu eta laurden inguruko kale buelta egingo du.

2020an bete zituen 50 urte Incansablesek, baina pandemiaren eraginez, ezin izan zuen nahi bezala ospatu. Horregatik elkartuko dira larunbatean, eta ospakizunean, ez dira bakarrik egongo txarangaren egungo kideak: bertan izango dira Incansablesen aritutako musikari guztiak, haien senideekin batera. 80 lagun baino gehiago elkartuko dira horrela, giro ederrean ospatzeko urteurren borobila.

Kaxkoko kale bueltan zehar, hainbat geldialdi egingo dituzte; horietako bat, ohikoa bezain berezia: Deportibo parean, Felipe Sagarna Zaparen omenez.

Eguerdiko 13:00ak aldera bukatuko du larunbateko ibilbidea txarangak, baina ospakizunak segida izango du ziur...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!