«Kolonialismoan parte hartu zuten euskal herritar batzuk, herriko seme kuttun bilakatu ditugu»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 30a, 00:00

Asier Lopez Argia aldizkariko kazetaria, aurreko hitzaldi batean.

Gaur arratsaldeko 19:00etan hasita, hitzaldia eskainiko du Asier Lopez Argiako kazetariak, Biterin: 'Ez gara kolonialista baina... "Gure" esklabista eta kolonialistez, Elkanoren mundu biraren bosgarren mendaurrenaren oinarri'. 

Esklabismoa eta kolonialismoa hizpide hartuta, hitzaldia antolatu du Argia aldizkariak, gaur arratsalderako, Biterin: Ez gara kolonialista, baina... 'Gure' esklabistez eta kolonialistez, Elkanoren mundu biraren bosgarren mendeurrenaren oinarri. Asier Lopez Argiako kazetariak eskainiko du hitzaldia, 19:00etan hasita, eta Pello Zubiria ariko da aurkezle lanetan.

Hitzaldiaren atarian, Kronikari aurreratu dizkio Asier Lopezek, herritarrei kontatuko dizkien hainbat istorio eta pasarte. Izenburuaren haritik tiraka, esaterako, adibide bat etorri zaio kazetariari burura: «Mugimendu feministak matxismoarekin denoi planteatu digu ariketa osasuntsu bat: ispiluaren aurrean jartzea eta ikusten duzun horri heldu, onartu eta lantzea. Kasu honetan, antzeko ariketa txiki bat egin nahiko nuke, Euskal Herriaren historiaren pasarte bati begira. Esklabismoa eta kolonialismoa ekarriko ditut, oso gutxi lantzen direlako. Euskal Herritar batzuek, izan zuten parte-hartze zuzena. Eta kontatuko dut, nola gaur egun, oraindik, 400 edo 500garren urtean zehar gertatutakoa islatzen dugun;  gure plazen izenetan, kaleen izenetan, monumentuetan.  Herriko seme kuttun bilakatu ditugu». 

Horietako bat da, hain justu, Juan Sebastian Elkanoren kasua, kazetariak nabarmendu duenez: «horregatik aipatzen da Elkano hitzaldiaren izenean. Berak egindakoaren inguruan sortu dira diskurtso berriak, egin izan zutena justifikatzeko, eta gure burua berriro ere goraipatzeko. Ze onak garen edo ze onak ginen esateko, nolabait».

 

Herriko adibideak, plazara 

Kolonialismoa eta esklabismoa landuko ditu Lopezek hitzaldian, eta horretarako, gertuko adibideak ekarriko ditu gaur eskainiko duen hitzaldira: «Hernaniren kasuan, mugimendu feministak landu du lehenago ere, kaleen izendegia. Hernanin badago Elkano kalea, Urbieta kalea, eta Ereñotzun dagoen monumentua. Herritik herrira beti dago zer aipatu. Euskal herritar batzuek, esklabismoan eta kolonialismoan parte-hartze zuzena izan zuten, eta horixe da aditzera eman nahi dudana gaurkoan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!