Hiru pertsona atxilotu dituzte, ustez Andatzan hilda agertu zen gizonarekin Hernanin bizi izandakoak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 29a, 16:10

44 urteko donostiarraren heriotzarekin lotura dutelakoan atxilotu zituzten asteburuan, eta horietako bi Martuteneko espetxean sartu dituzte. Antza denez, Hernaniko Florida auzoko pabiloietan bizi izan ziren elkarrekin.

Andatzan hilda agertu zen gizonaren heriotzarekin lotura dutelakoan, hiru pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak. Dirudienez, hiru atxilotuak hildakoarekin bizi izan ziren Hernanin, Florida auzoko pabiloietan. Haietako bi Martuteneko espetxean sartu dituzte, giza hilketa leportatuta; eta hirugarrena aske utzi dute, baina kautelazko neurriekin, hilketa estaltzea leporatuta. Otsailaren 27ko arratsaldean aurkitu zuen gorpua mendizale batek, sarbide zaileko eremu batean. 44 urteko gizon donostiar bat zen hildakoa.

Ertzaintzak aditzera eman duenez, hiru atxilotuek «harreman estua» zuten hildakoarekin: «guztiek zeuzkaten polizia-aurrekariak, eta hilda agertu zen gizona, urtarrilaren 20an irten zen espetxetik, hilda agertu baino egun batzuk lehenago». 

Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak egin du ikerketa, eta horren ondorioz atxilotu dituzte hiru pertsona, Gipuzkoako hiru herritan. Ondoren, Gipuzkoako herri ezberdinetako hiru etxetara sartu eta miaketa egin zuten, eta baita ibilgailu bat konfiskatu ere, Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren Unitatearen egoitzara eramanda. Miaketa horretan, «ikerketarako interesgarriak diren hainbat ebidentzia» aurkitu zituzten.

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!