Haserre PSE-EE: «prentsaren bidez izan dugulako hitzarmenaren berri»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 28a, 00:00

Alderdi sozialistak ez du ukatzen jarduera hori beharrezkoa denik: «baina ez dugu haren edukia ezagutzen», azaldu du. 

Ricardo Crespo Hernaniko Udaleko bozeramaile sozialista haserre agertu da, EH Bilduren gobernu taldeak Landare eta Zubipen jarduerak egiteko 2 milioi euro hitzeman dituelako, «udalbatzako gainerako alderdiak kontutan hartu gabe», azpimarratu du. 

Cresporen ustetan, prentsaren bidez jakin dute ezagutzen ez duten hitzarmen bat sinatu dutela: «eta horren arabera, hernaniar guztiak ordezkatzen dituen Udalak, 2 milioi euro agindu ditu Landare eta Zubipeko uholdeen ondorioak arintzeko». 

Alderdi Sozialistako bozeramaileak dio ez duela ukatzen jarduera hori beharrezkoa denik: «baina ez dugu haren edukia ezagutzen». Crespok nabarmendu du Hernaniri oso-osorik eragiten dion arazoa dela, eta, beraz, hura gauzatzeko beharrezkoak diren adostasunak behar direla: «guztion arazoa da, guztion artean konpondu behar duguna». Halaber, alderdi sozialistak gogorarazi du futbol eta errubi elkarteko zuzendaritzarekin bilera bat egin zela, talde politiko guztien babesa bilatuz konponbideak biltzeko «baina prentsan planteatzen diren irtenbideak ez dira adostu, ezta azaldu ere». 

Bozeramaile sozialistak, beraz, kritikatu egin du EH Bilduk parte hartzeari buruzko «propaganda egitea», eta honakoa azpimarratu du: «onartu beharreko gai erabakigarriak mahai gainean jartzea, aldez aurreko eztabaidarik gabe». Horregatik, PSE-EEk dio oso argi daukala ez duela «EH Bilduren jokoan» sartu nahi: «eta ez dugu parte hartuko proposamenak aldez aurretik erabakita dauden foro horietan». Crespo harrituta agertu da, «bitxia da ikustea EH Bilduk nola eskatzen duen parte-hartzea eta gardentasuna gobernatzen ez duen lekuetan, eta gero ez duen praktikatzen ahal duen tokian. Hori bada EH Bilduk proposatzen duen parte-hartzea, jasoko duen parte-hartzea izango da». 

«Bitxia da ikustea EH Bilduk nola eskatzen duen parte-hartzea eta gardentasuna gobernatzen ez duen lekuetan, eta gero ez duen praktikatzen ahal duen tokietan»

Sozialistek hainbat zalantza jarri dituzte mahai gainean, Udalak jarritako bi milioi euro direla eta: «lehen URAk onartzen ez duen horma altxatzeko jarduketa, orain uzten badu? Udalak egin al du horren inguruko kudeaketarik? Nola finantzatuko dira 2 milioi euro horiek? Gerakinarekin? Hau da, aurreko urteetan egin ez diren jarduerekin. 2 milioi horiek exekutatuko dira edo kutxak ahaztuta geratuko dira, Udal honetako obrekin gertatu ohi bezala? Zergatik ez da orain arte jardun, urteak daramatzan beharra denean? Ba al du zerikusirik iragarki honek 2023ko udal hauteskundeekin edo EH Bilduk Floridako irteera biderako proposatzen duen proiektuarekin, beste joko-zelai bat eraikitzea eragotziko lukeelako? Kiroldegian espazio-arazoak dituzten beste kirol batzuen proportziozko kopurua emango al da, adibidez?».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!