Lider izateko aukera galdu dute Euskal Ligako neskek, Gaztediren aurka galduta

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 28a, 00:00

Lider izateko aukera galdu zuen Hernaniko nesken taldeak.

Mutilen talde nagusiak ezin izan zuen Uni Bilbao taldea garaitu: 22-21. Garaipena lortu zutenak 23 urtez azpikoak izan ziren: 23-19 markagailuarekin garaitu zuten liderra. 

Asteburu gazi-gozoa izan da Hernaniko errugbi taldeentzat: bi porrotekin eta garaipen bakarrarekin. Euskal Ligako neskek, partidu garrantzitsua jokatu zuten larunbatean, liderra hartu baitzuten Landaren. Ligako azkeneko partidua izan zen Hernaniko neskentzat, eta irabaziz gero, lidertza eskuratzeko aukerak zituzten. Baina herriko neskek ezin izan zuten Gaztedi garaitu, eta 7-19 markagailuarekin, Ohorezko B Mailara igotzeko play offa jokatzeko aukera galdu zuten. Ondorioz, Gaztedik lider jarraitzen du 37 punturekin eta 32 punturekin, Uni Bilbaok bigarren postuari eutsi dio. Hernani, hirugarren postuan gelditu da, 30 punturekin. 

Ohorezko B Mailako taldeak, Uni Bilbaoren aurka neurtu zituen indarrak, Bilboko El Fangon. Hernaniko talde nagusiak Uni Bilbaori 13 puntuko aldea ateratzen bazion ere, ezin izan zuen talde bizkaitarra garaitu, eta 22-21 galdu zuen Hernanik. Hala ere, 60 punturekin lider jarraitzen dute trikoloreek. 

Igande honetan, Eibarren aurka jokatuko dute norgehiagoka, eguerdiko 12:00etan, Landaren. 

23 urtez azpikoek, garaipena

Asteburua ezin hobe amaitu zutenak Hernaniko 23 urtez azpikoak izan ziren. Landaren hartu zuten El Salvador liderra, eta lan haundia egin ostean, sekulako garaipena lortu zuten hernaniarrek: 23-19.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!