Herriko txikiek udaleku irekiez eta kirol udalekuez gozatzeko parada, uda honetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 27a, 00:00

Bi urteren ostean, uda honetan ederki pasatzeko aukera izango dute txikiek

Bihar irekiko da izen-emate epea, eta apirilaren 8a izango da epe-muga.

Herriko haurrek «euskeraz eta berdintasunean» jolastu eta herriaz gozatzeko aukera izango dute uda honetan. Izan ere, Hernaniko Udalak uda sasoian eskaintzen dituen bi programak antolatzen ari dira: udaleku irekiak eta kirol udalekuak. Azken bi urteetan, programak osasun egoerara moldatu badira ere, 2022ko udalekuak ohikotasunean bueltatuko dira. 

Orain arte alboratu diren hainbat jarduera berreskuratuko dira, eta haur talde haundiagoak sortuko dira, «elkarren harremana mantentzeko aukera eskainiz». Hala ere, Udalak nabarmendu du, aire librean burutuko direla ekintza guztiak. 

 

Adin tarteak

Udaleku irekiak 3 eta 10 urte bitarteko haurrentzat dira, eta kirol udalekuak, berriz, 11 eta 12 urte bitartekoentzat. Izena emateko, bide bakarra egongo da: online. Bihartik eman daiteke izena, eta apirilaren 8a izango da izena emateko epe-muga. Epez kanpoko izen emateekin itxaron zerrenda osatuko dela jakinarazi du Udalak. 

Aurreko urtean udalekuetan izena online eman zutenek edo kiroldegiko bazkide edo kulturako ikastaroetan erabiltzaile direnek, udalekuetan izena emateko programan identifikatuta daude. Online izen-emateak hiru pausu nagusi ditu: lehenik eta behin, identifikatzea; haurraren guraso edo tutorearen identifikazioa egiten da. Bertan, datu pertsonalen eta ekonomikoen atalak betetzen dira. Bigarrenik, erlazionatutako pertsonen alta; haurraren atala osatzen da; eta hirugarren pausua ikastaroan izena ematea da. Honako lotura honetan eman daiteke izena:https://web.hernani.eus/gazteria. 

Modu telematikoan moldatzen ez direnentzat Udaleko Haur eta Gazteria Arloak arreta eskainiko du bere bulegoan, bai telefonoz (943 337 041) eta bai aurrez aurre (Aristizabal kalea 7, 16:00etatik 19:00etara). 

Udaleku irekiak, ekainaren 30ean hasiko dira eta uztailaren 22an amaituko dira. Udalak eskainitako zerbitzu hau Kanika Aisialdi Taldeak kudeatuko du, eta aurten 100,50 euroko prezioa izango du. Kirol udalekuak, berriz, uztailaren 4tik 22ra izango dira eta 99,45 euroko prezioa izango dute. 

Izen-emateko epea amaituta, baja eman nahi izanez gero, eskaerak idatziz aurkeztu beharko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!