Amaiurko gaztelua eta historiaren inguruan kongresua antolatu da gaur

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 26a, 00:00

Gaztelak gaztelua hartu zuela 500 urte bete dira eta jardunaldia 09:45etan hasiko da Biterin. Youtuben  kongresua jarraitu daiteke.

Hernani Errotzenek eta Nabarraldek antolatuta, Amaiurko gazteluan gertatu zenari buruzko jardunaldia izango da gaur, Biterin, goizeko 09:45etan hasita. Parte hartuko dute Jose Luis Orellak, Idoia Arrietak, Peio Monteanok, Iñaki Segredok eta Asisko Urmenetak. 

Horrez gain, mahai ingurua ere izango da, lau aditurekin: Rafa Santxez Muxika, Iñaki Idigoras Igartua, Koldo Martinez Garate eta Iñigo Larramendi. Angel Rekaldek emango dio bukaera jardunaldiari. Gero, eguerdian, Oialume Zarren izango dute bazkaria. 

«Aztertuko dugu, batetik, zer gertatu zen Amaiurko gazteluaren inguruan; baina bestetik, nola kontatu izan den hori, eta zein esanahi duen nafar batzuentzat eta besteentzat», azaldu zuen Beñi Agirrek, aurkezpenaren egunean.

Izan ere, «borroka enigmatikoa» izan zen hura, Angel Rekaldek nabarmendu zuenez: «urtean zehar makina bat ekintza izango dira, 500garren urteurrenaren bueltan».

Jardunaldi osoa internet bidez ikus ahal izango dute lotura honetan sartzen direnak. Streaming lotura egiteko, goizeko 09:45etatik 14:00ak arte: https://youtu.be/byRUFl9z4P8x estekan egin behar da klik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!