'Zaintza lanen demokratizaziorantz' jardunaldiak zaintza, erdigunean

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 26a, 00:00

Miren Aranguren, Jone Arrazola, Andoni Egia, Xabier Lertxundi eta Itsaso Lekuona.

Zaintza krisitik irteteko proposamenak landuko dira datorren apirilaren 1ean eta 2an Kulturarteko Plaza Feministan.

Zaintza arloak dituen hutsuneak agerian gelditu ziren, orain bi urte 2020an, Beterri-Buruntza eskualdean egindako azterketan. Horietaz hausnartzeko eta irtenbideak proposatzeko jardunaldi batzuk antolatzea beharrezkoa ikusi zen Hernanin. Pandemiaren ondorioz, bi aldiz gelditu dira bertan behera baina oraingoan, behingoz, egin egingo dira. Apirilaren 1ean eta 2an izango dira, Kulturarteko Plaza Feministan. Izen-ematea irekita dago. Kulturarteko Plaza Feministaren kulturartekoplazafeminista@hernani.eus helbide elektronikoan edota 943 33 70 17 telefono zenbakian.

«Jardunaldi hori egiteko hirugarren saiakera da», esan zuen atzo Xabier Lertxundi alkateak aurkezpen ekitaldian. «Garrantzitsua da egitea».

Diagnostikoan zaintza berrantolatzeko premia zegoela ikusi zen, zaintza-krisi batean zegoela antzeman zen. Besteak beste, honako ondorio hauek atera ziren lan horretatik: lanak gutxietsita daudela, arlo erabat feminizatua eta merkantilizatua dela. «Lan-baldintzak hobetzea eta zaintzaren antolaketa eta ardura banaketa aldatzea guztion ardura dela ondorioztatu zen diagnostiko horretan», gogorarazi zuen Jone Arrazola Berdintasun teknikariak. Haren esanetan, «Hernanin antolatu dugun jardunaldiaren xedea zen horren inguruan eztabaidatzea eta hausnartzea».

 

«Zaintzen duen herri bat»

Zaintza erdigunean kokatzea da helburua eta zaintzen duen herri bat bihurtzeko burujabetasuna ere beharrezkoa ikusten dute jardunaldien antolatzaileek. «Zaintzaileen bizi baldintzak nola hobetu daitezkeen aztertuko da eta bestetik nola kolektibizatu dezakegun zaintza lanaren antolaketa hau. Gaur egun ez baita kolektiboa. Emakumezkoen bizkar erortzen diren ardurak dira».

EGITARAUA

HERNANI

APIRILAK 1, OSTIRALA

17:00 Harrera.

17:30 Zaintza lanak. Zertaz ari gara? Naia Torrealdai (Euskal Herriko Bilgune Feminista).

18:30 Zaintza lanen demokratizaziorantz: Beterri-Buruntzako zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena 2020 lanaren aurkezpena. Emagin.

19:15 Zertan aurreratu dugu? Maitelan, Auzozaintza, Tratu Onen Herria.

APIRILAK 2, LARUNBATA

10:00 Mahai-ingurua: Ana De Palau i Rovira (Radars proiektua). Roser Casanovas (Colec·tiu Punt6). Liz Quintana eta Txefi Roco (Trabajadoras No Domesticas). Maider Azurmendi (Matia Fundazioa).

12:30 Eztabaida. Zer aldatu nahi dugu Hernanin? Zeinen artean egin behar dugu hori? Nola? Galderei erantzungo diogu elkarrekin

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!