Oporraldirako planak

Ikuskizunaz gozatzera Galarretara, ondarea ezagutzera Chillida Lekura eta... tripa betetzera!

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 26a, 00:00

Giro bikaina Galarretan, Masters Txapelketako finalean.

Kulturaz eta kirolaz bustitzeko, aisialdirako eskaintza zabala dago Hernanin, adin-tarte guztietako herritarrentzat. Eguna borobiltzeko, gainera, gastronomiaz gozatzeko aukera ezin hobea aurki daiteke Diametro 200 jatetxean. 

Aisialdirako, hamaika leku eta hamaika egiteko ditugu Urumea bailaran, familiarekin, lagunekin, bikotekidearekin, bakarrik edo nahieran gozatzeko. Hain zuzen, bailarako ondare historiko-artistikoari esker eta astero-astero antolatzen diren egitasmoekin, ondo pasatzeko eta ingurua ezagutzeko aukera paregabea dute adin-tarte guztietako herritarrek. 

Kirola maite duten horiek galdu ezineko geldialdia dute Galarretan. Izan ere, Berria Txapelketaren finalerdiak jokatuko dira datozen egunotan, eta erremontea puri-purian dago une honetan. Final haundia apirilaren 9an izango da, eta orain arte bezalaxe, giroa eta ikuskizuna ziurtatua egongo dira. 

Horrekin batera, gogoratu Kronikak Galarretara bertaratzeko gonbidapenak banatzen dituela. Pertsona bakoitzak bi hartu ahal izango ditu. Beraz, animatu eta gerturatu bulegora (Larramendi kalea, 11 zenbakia). 

 
 

Chillida Lekun, bisitak, tailerrak eta beste asko

Euskal ondare historiko-artistikoari begira, Hernanik duen altxor preziatua da Chillida Leku. Ziurrenik, zuetako askok eta askok ezagutuko duzue Eduardo Chillidaren museoa. Beste batzuek, ordea, aukera gertu izanda ere, oraindik ez duzue Chillidaren lanetan murgiltzeko plazera izan. Bada, Aste Santua ate joka dugun honetan, aisialdiaz gozatzeko, Chillidaren lanak eta bizitza ezagutzeko hitzordua zehazteko parada duzue honakoa. 

Chillida Lekuren eginkizun nagusia Eduardo Chillidaren obra eta pentsamendua orokortzea da. Horregatik, hori guztia ezagutzeko aukera eskaintzen die bisitariei. Zabalaga baserria, lorategia eta museoa bera ezagutzeko interesa dutenek, ostegunetik astelehenera bisita dezakete Chillida Leku, 10:00etatik 18:00etara. Prezioei dagokienez, sarrera 12 euro dira helduentzat; 10 euro, berriz, 10 pertsona baino gehiagoko taldeentzat, 65 urtetik gorakoentzat eta ikasleentzat; 6 euro 18 urtetik beherakoentzat, desgaitasunen bat duten herritarrentzat eta langabetuentzat; eta, azkenik, 8 urtetik beherakoentzat, doakoa da sarrera. Erreserbak egiteko, idatzi reservas@museochillidaleku.com helbidera edo deitu 943 33 59 59 telefonora. 

Horrez gain, erakusketak eta bestelako ekitaldiak ere izaten dira museoan. Informazio guztia eskuragai dago museochillidaleku.com webgunean.   

Hementxe aurkeztu dizkizuegu bi plan borobil: erremontea Galarretan eta goiz edo arratsalde pasa Chillida Lekun. Gero, eguna ezin hobe amaitzeko, bi toki horietatik oso gertu, Diametro 200 jatetxea duzue. Lantalde osoak esku zabalik hartuko zaituzte, eguneko menuak zein kartako produktuak eskaintzeko prest.

'Argiaren bila' eskultura, Chillida Lekun. 
 

CHILLIDA LEKU

Zabalik:
Ostegunetik astelehenera, 10:00etatik 18:00etara.

Sarrerak:
'www.museochillidaleku.com'.


GALARRETA

Jaialdiak larunbat arratsaldetan, hiru partidurekin.  

Sarreretan deskontuak hernaniarrentzat.  Informazio gehiago: 'www.oriamendi.eus'. 

 

Diametro 200

 

 

Diametro 200 jatetxekoek argi dute beraien filosofia: beti egiten dute apustu bertako produktuengatik. Ahal den neurrian, garaiko eta produktu ekologikoak dituzte oinarrian platerak osatzeko. Horrela, elikadura osasuntsua sustatzeko helburua betetzen dute.

Menua 14,30 euroan dago eskuragai, eta gainera, jatetxea izateaz gain, taberna ere badu. Menuarekin batera, karta ere badago. Platerak oso maiz aldatzen ahalegintzen dira, eskaintza ahalik eta anitzena izan dadin. Gainera, denetarik izaten dute: beganoentzat, begetarianoentzat eta haragia zein arraia jaten dutenentzat. 

Kartaz eta egunerokoaz gain, bokatak, hanburgesak eta sandwichak eskaintzen dituzte. Den-denak jatetxean bertan egindakoak. Horrez gain, barazkiak ere beraiek garbitzen dituzte eta ogia, pasta zein izozkiak ere bertako sukaldariek elaboratzen dituzte. Diametro 200en saiatzen dira, ahalik eta mimo haundienarekin, kate guztia beraiek garatzen. Eguneroko menuari dagokionez, aldatzen joaten da, eta self-service moduko sistema erabiltzen dute. Eguneroko menuaren barruan, lehen eta bigarren platerez gain, postrea ere sartzen da. Astean zehar dinamika aldatzen da, eta ostiralean, berriz, kontsumitzaileei astegunetan  gustatu zaizkien platerekin osatzen dute menua.

Hori bai, egunero bertako produktuekin eta etxean egindako jakiekin egiten dute guztia, erantzukizun soziala bermatzeko: elikagaiak alboko baserrian erosten dituzte, oilasko ekologikoa erabiltzen dute...

 

KARTAKO PLATER BATZUK

Lehenengoak

Etxeko pasta freskoak

Garaiko barazkien tenpura

Tolosako babarrunak

Bigarrenak

Eguneko arraina

Olagarroa plantxan

Tajin bildots ekologikoa

Postreak

Idiazabal labeko gazta tarta

Intxaur-saltsa

Kataifiz bildutako platano frijitua

ORDUTEGIA

Astelehenetik ostiralera

08:30 - 16:00

Asteburuak

itxita

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!