Oporraldirako planak

Hernaniko ikuspegi ederrenaz eta paisaia berdeaz gozatzeko, hiru ibilbide aukeran

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 26a, 00:00

Sekula huts egiten ez duen horietako plana da, klasikoa izanagatik ere: ibilaldi polit bat goizean, eta bazkari ederra ondoren, indarrak berritzeko. Hernanin, ibilbide errazak daude horretarako: Santa Barbaran barrena paseoa, sagardotegien ibilbidea, edo Zikuñagako Ama ermitara bisita.

Eguzkia, zeru urdina, tenperatura atsegina... Udaberri giro ederrak behar du izan protagonista, datozen asteotan. Eta horrelakoetan, zeinek ez dauka tentazioa, paseo bat ematera ateratzeko? Eta ba ote dago eguna borobiltzeko modu hoberik, taberna edo jatetxe batean ederki bazkaltzea baino? Baterako zein besterako, aukera ezin hobeak aurkituko ditugu Hernanin.

Askotarikoak dira, herriko inguruetan egin daitezkeen paseoak. Baina hiru proposatuko dizkizuegu, Hernaniko ikuspegi ederrenaz eta paisaia berdeaz gozatzeko. Horietako bi, marka txuri-urdinekin daude seinalizatuta; eta hirugarrena, toki berezi bat bisitatzeko alternatiba da.

Santa Barbarara ibilbidea, txoko bereziak ezagutuz

HIU-1 izeneko ibilbidea da aurrenekoa: Santa Barbaran barrena 7 kilometroko paseoa. Laubidietako bidegurutzetik abiatuko gara, etxe berriak egiten ari diren tokitik, hain justu. Marka txuri-urdinei segita, Arrobi ostatuaren eskuinetik pasa, eta gorantza dijoan mendi bidea hartuko dugu. Horrek zuzenean eramango gaitu Santa Barbara ermitara: kilometro eta erdi inguru osatzerako, bertan izango gara, Hernaniko ikuspegi ederraz gozatzeko moduan. Jatetxearen ondotik, hormigoizko pista hartuko dugu jaisteko, eta beheko bidegurutzera iritsitakoan, Lasarte-Oriako hilerrirako bidea hartuko dugu, Jauregi bailaran barrena osatzeko ibilbidearen bigarren zatia. Hilerrira iritsi aurretik, garai bateko ferratokia ikusteko aukera izango dugu. Eta aurrerago, Galarreta ingurura iritsi aurretik, Koronelarri izeneko harriaren ondotik pasako gara. Bertatik, Sorgintxulora jaisteko bidea hartuko dugu, eta Marieluts eta Karobieta auzoetan barrena iritsiko gara hasierako puntura.

 

Sagardotegien bidetik, Osiñaga auzoan barrena

Sagardotegietako ibilbidea da bigarren aukera, HIU-2 izenekoa, hori ere txuri-urdinez markatua. 8,6 kilometroko ibilbidea da, eta Portu auzoan hasiko dugu, Shangai ondoan. Bertatik, Osiñaga auzorako bidea hartuko dugu, eta hasieratik ikusiko ditugu marka txuri-urdinak margotuta. Loidi baserrira iritsiko gara horrela, eta bertan aurkituko dugu bidegurutze nagusia: alde batetik joango gara, eta bestetik bueltatu. Loiditik eskuinera igotzen den bidea hartuz gero, Otsua-Enea eta Olaizola sagardotegien ondotik pasako gara, eta berehala aldatuko da paisaia, gure aurrean. Onddi eta Adarra mendiak begibistan ditugula, baserriz baserri joango gara, Pardiolatxikira iritsi arte. 3 kilometro izango ditugu ordura arte, eta dagoeneko osatuta izango dugu gorantzako ibilbide zati osoa.

Pardiolatxikiko bidegurutzean ezkerrera hartu, eta beherantzako bidea hasiko dugu. Okendoenea baserriaren ondotik pasa, eta Goiko Lastola sagardotegira iritsiko gara. Ezkerretara bi bider biratu, eta bueltako bidea hasiko dugu. Beste hiru sagardotegi izango ditugu zain, bidean. Elorrabi sagardotegira iritsiko gara aurrena, eta Iparragirre eta Altzueta sagardotegien ondotik pasako gara ondoren. Loidira iritsi, eta hasierako bide beretik egingo dugu bueltako bidea, Portura.

Bi ibilbide horiek, HIU-1 eta HIU-2, Mendiriz Mendi elkartearen webgunean (mendirizmendi.com) daude ikusgai, Hernani izeneko atalean. Ibilbideen xehetasun guztiak daude bertan: fitxa teknikoa, informazio praktikoa, mapa, gida, eta deskargatzeko trackak, KML eta GPX formatuetan.

Eguzkia, zeru urdina, tenperatura atsegina... Udaberri giro ederrak behar du izan protagonista, datozen asteotan. Eta horrelakoetan, zeinek ez dauka tentazioa, paseo bat ematera ateratzeko? Eta ba ote dago eguna borobiltzeko modu hoberik, taberna edo jatetxe batean ederki bazkaltzea baino? Baterako zein besterako, aukera ezin hobeak aurkituko ditugu Hernanin.

Askotarikoak dira, herriko inguruetan egin daitezkeen paseoak. Baina hiru proposatuko dizkizuegu, Hernaniko ikuspegi ederrenaz eta paisaia berdeaz gozatzeko. Horietako bi, marka txuri-urdinekin daude seinalizatuta; eta hirugarrena, toki berezi bat bisitatzeko alternatiba da.

 

Zikuñagako Ama ermitara bisita, sagardotegien ibilbidea aprobetxatuz

Seinalizatu gabekoa da hirugarren proposamena, baina Sagardotegien ibilbidea aprobetxatuz osatu daitekeena, pil-pilean dagoen toki berezi bat bisitatzeko: Zikuñagako Ama ermita berria. Horretarako, Portutik bertatik Osiñaga aldera abiatuko gara, eta Loidi baserrian, ezkerreko bidea hartuko dugu, Elorrabi sagardotegira dijoana. Puntu horretan desbideratuko gara HIU-2 ibilbidetik: Elorrabiko zubi berria pasa, eta Ibarluze poligonora iritsiko gara, Hernaniko Arraun Elkartearen ondora. Ezkerrera biratuta, Garbigunearen ondotik pasako gara orduan, eta zig-zag itxurako aldapak bideratuko gaitu Zikuñagako Papeleraren ingurura. Errotondan Zikuñaga auzorako bidea hartu, eta Txintxua jatetxearen aurretik pasa ondoren, 200 metrora aurkituko dugu Zikuñagako Ama ermitara igotzeko aldapa, eskubitara, Toki-Alai etxearen ondoan.

Aldapa pikoa izango dugu ermitara bidean, baina saria izango du goran: gaur inauguratuko duten ermita berriaz ez ezik, Hernaniko ikuspegi paregabeaz ere gozatuko dugu bertatik. Atsedenerako gune gisa ere, ezin aproposagoa da tokia. Berriro martxari ekiteko, errepidean aurrera segiko dugu, Orkolaga baserriaren eta ermitaren artetik. Bidea zartatua dago aurrerago, baina oinez joateko ez du trabarik egingo. Beherantzako joera hartuko du bideak berehala, eta Akarregi sagardotegira iritsiko gara zuzenean, A-15 errepidearen azpitik pasa ondoren. Akarregitik Karabeleko zubirako bidea hartuko dugu, eta bidegorriak eramango gaitu Portu auzora bueltan. 6 kilometro exkaxeko ibilbidea da, guztira.

Hiru ibibideetako bat, edo beste edozein osatuta, gosetu ere egingo gara, eta erremedio onenak, herrian bertan izango ditugu, inora mugitu beharrik izan gabe. Horien artean bi, primerakoak, azpian aurkituko dituzuenak: Zinkoenea taberna, Kaxkoan; eta Karrero taberna, Urbieta kalean. Bietan, bapo bazkaltzeko aukera zabala bezain goxoa aurkituko dugu: haragia eta arraina parrillan, pintxoak, bokatak, entsaladak, plater konbinatuak, menua edo karta...

 

SANTA BARBARAKO IBILBIDEA (HIU-1)

(Marka txuri-urdinekin seinalizatua)

Luzera: 7 kilometro

Desnibela gorantza: 200 metro

Iraupena: 2 ordu inguru

Hasiera eta bukaera: Laubidietako bidegurutzean

 

Deskribapen laburra: Herrigunetik gertu, Santa Barbara mendia hernaniar askorentzat mendi-bira txiki bat egiteko ingurune bikaina da. Ibilbide honen bitartez, Lasarterekin muga egiten duten bideetatik pasatuz, Santa Barbara ingurua hobeto ezagutzeko aukera izango dugu, mendixka honek izan duen garrantzi historikoa azalduz.

 

SAGARDOTEGIEN IBILBIDEA (HIU-2)

(Marka txuri-urdinekin seinalizatua)

Luzera: 8,6 kilometro

Desnibela gorantza: 150 metro

Iraupena: 2 ordu inguru

Hasiera eta bukaera: Portu auzoan, Shangai ondoan

 

Deskribapen laburra: Hernaniko hainbat sagardotegi lotzen dituen ibilbide honek, baserri eta sagarrondo artetik igarotzeko aukera ematen digu. Zailtasun txikiko bide hau, txotx garaian sagardotegietara doan jendeari zuzenduta dago, izatez. Edonola ere, Osiñaga auzoaren paisaia ederraz gozatzeko aukera ematen digu, Onddiren magalean.

 

ZIKUÑAGAKO AMA ERMITA BERRIRA BISITA

(Seinalizatu gabea)

Luzera: 5,8 kilometro

Desnibela gorantza: 110 metro

Iraupena: ordu eta erdi inguru

Hasiera eta bukaera: Portu auzoan, Shangai ondoan

 

Deskribapen laburra: Seinalizatu gabeko paseoa da, baina Sagardotegien ibilbidea aprobetxatu dezakegu, Portu auzotik Elorrabi sagardotegira. Bertan desbideratuko gara, Elorrabi zubia pasa eta Zikuñaga auzorako bidea hartuz, Zikuñagako Ama ermita berrira igotzeko. Ermitatik aurrera jarraituz, Akarregi sagardotegira jaitsiko gara, eta Karabeleko zubitik bueltatuko gara Portu auzora.

 

ZINKOENEA TABERNA

 

0 km BAILARA

Zinkoenea tabernan berebiziko garrantzia ematen diote garaiko produktuei. Ez hori bakarrik, tabernan eskaintzen duten menua sortzerakoan, bertako produktuak hartzen dituzte kontuan: Tolosako babarrunak, barazki freskoak, ...

 

Haragia eta arraia parrillan egitea da Zinkoenea tabernaren espezialitateetako bat: xapoa, arkumea, erreboilua, txahal saiheskia, kokotea, eta abar. Bestela ere, bertan aurki daitezkeen pintxoek eta fritoek egiten dute ezaguna taberna. 

Egunero, eguneko menua eskaintzen dute, 15 euroan: lehenengo eta bigarren platerak, edaria eta postrea. Postre gozoak ere badituzte, txokolate krepa eta gazta tarta, esate baterako. 

Asteburuetan, berriz, karta dute. Kartan dituzten jaki guztiak parrillan egiten dituzte. Edari alkoholdunei dagokienez, aukera haundia dute tabernan: ardo beltza, zuria, gorria eta sagardoa.

Terraza dute, eta bazkaldu zein afaltzeko, erreserba egitea eskatzen zaie bezeroei. Razioen karta luzea ere badute: urdaiazpikoa, kalamarrak, bakailua parrillan, sardinak, entsalada mistoa... Horretarako, tabernara deitu behar da. Eramateko janaria ere prestatzen dute bezeroak nahi izanez gero. Egunero ematen dute bazkaria, eta igande arratsaldetan izan ezik.

ORDUTEGIA

Astelehenetik ostiralera

10:00 - 22:00

Asteburuak

11:00 - 00:00

KARRERO TABERNA

 

Ezaguna da Karrero bertan eskaintzen dituzten pintxo eta etxean eginiko platerengatik. Horrez gain, karta, bokatak, entsaladak, plater konbinatuak, razioak, hanburgesak eta abar  aurki daitezke. Sukaldatzen duten guztia, tabernan bertan egina da, eta gosariak, bazkariak eta afariak ematen dituzte. Terraza zabalak lasai eta eroso egoteko aukera ematen du. Bi daude: bat tabernaren aurrean eta bestea, berriz, atzealdean.

Kafetegia ere bada Karrero. Kafeak eskaintzeaz gain, freskagarriak, bizkotxoak, tartak eta edari alkoholdunak ere eskaintzen dituzte. Herriko jaietan, San Joanetan, urtero, menu bereziak prestatzen dituzte, koadrila eguna ahalik eta hoberen ospatu ahal izateko. Egiten dituzten platerek, gainera, kutsu moderno eta tradizionala dute, eta bezero mota guztietarako daude eginak.

Tabernan erabiltzen dituzten lehengaien %90a bertako produktuak dira: Barazkiak, esnea, garaiko elikagaiak, arrai freskoa, eta abar. Ia astebururo, iradokizun bereziak proposatzen egiten dizkiete tabernara bertaratzen diren bezeroei. 

Funtsean, kalitatezko lehengaiak erabiltzeari garrantzia ematen diote Karreron, eta hori haiek egindako plateretan erakustea da helburu nagusia. Eta otordua etxeko berotasunean egin nahi dutenentzat, eramateko jana ere prestatzen dute. 

 

ASTEBURURAKO IRADOKIZUNAK

Lehenengoak

Bieiren eta otarrainxken entsalada epela

Hostorea onddoz eta foiez beteta

Bigarrenak

Txuleta

Txipiroiak plantxan

Legatza labean, gulak oliba-kremaren gainean duela

 

ORDUTEGIA

Astelehenetik ostiralera

09:00 - 01:00

Asteburuak

10:00 - 01:00

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!