Euskal Ligako txapeldun izateko aukera jokoan gaur, Landaren

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 26a, 00:00

Partidu garrantzitsua jokatuko du Hernanik gaur, Landaren.

Gaztediri irabazi behar dio Hernanik, gaur 16:00etan hasita; eta beste bi partidutako emaitzak alde izan.

Oso partidu garrantzitsua jokatuko du Hernanik gaur, emakumezkoen Euskal Ligan. Gaztedi liderra hartuko du Landaren, arratsaldeko 16:00etan hasita; eta txapeldun izateko aukera izango dute jokoan trikoloreek.

Ligako azkeneko partidua izango da hernaniarrentzat, eta irabazi beharra daukate, txapeldun izateko aukerari eusteko. Une honetan, 33 punturekin dago Gaztedi, 30ekin bigarren Hernani, eta oso gertu daude La Unica (28) eta Uni Bilbao (27) ere. Trikoloreek garaipena lortuz gero, lidertza eskuratu dezake Hernanik, baina beste bi partidutako emaitzen zain geratuko litzateke. Bata, La Unicak eta Uni Bilbaok gaur bertan jokatuko dutena. Eta bestea, Gaztedik eta Uni Bilbaok jokatzeko daukatena, seigarren jardunalditik atzeratutakoa. Datorren asteburuan izango da hori, Bilbon.

Euskal Ligako aurreneko postuan bukatuz gero, Ohorezko B Mailara igotzeko play offa jokatuko luke Hernanik, gainerako autonomia erkidegoetako txapeldunekin batera.

Ohorezko B Mailako taldea, Uni Bilbaoren zelaian

Mutilen talde nagusiak, berriz, Bilboko El Fangon jokatuko du 17garren jardunaldiko partidua, bihar 12:00etan, Uni Bilbaoren kontra. 13 puntuko aldearekin dago lider Hernani, bigarren fasean; eta gaur irabaziz gero, baliteke matematikoki txapeldun izatea, hiru partiduren faltan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!