San Pedron eta Legution hitzorduak, Hernaniko Arraun Elkarteak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 26a, 00:00

Hernaniko batel bat, aurreko larunbatean Donibane Lohitzunen.

San Pedroko jaitsiera ariko da Maialen gaur, eta Legution Beñat Odriozola. Bihar, batel estropada Legution.

Jardunaldi oparoa izango du Hernaniko Arraun Elkarteak, asteburu honetan. Hiru hitzordu izango ditu, mota guztietakoak, Pasai San Pedron eta Legution.

Gaur arratsaldean, San Pedroko Jaitsieran hartuko du parte Maialen traineruak, 16:30etan hasita. San Pedroko Arraun Elkartearen paretik abiatu, eta itsas aldera egingo dute estropada. Neska absolutuen kasuan, bi luze osatu beharko dituzte, ziaboga bakarrarekin.

Gaur bertan, Arabara joango da Beñat Odriozola, Legutiora. Aulki mugikorreko ligaren seigarren jardunaldia lehiatuko du bertan, goizeko 10:00etan hasita. 2.000 metroko proba osatu beharko du hernaniarrak.

Eta Legution bertan ariko dira, bihar, Hernaniko batelak ere. Gipuzkoako Batel Ligaren azkenaurreko jardunaldia izango dute jokoan, goizeko 10:00etan hasita; eta bertan izango dira Hernaniko hainbat batel. Neska promesek ia ziurtatua daukate liga irabaztea, 15 puntuko tartea baitaukate. Neska absolutuak bigarren daude, eta mutil promesak eta neska jubenilak hirugarren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!