Joxan Goikoetxeak ostegunean 'Hesia urraturik' lan berria aurkeztuko du

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 25a, 00:00

Xabier Leteren oroimenez kontzertua eskainiko da Donostian, martxoaren 31n, Santa Teresa komentuan, 18:00etan hasita.

Joxan Goikoetxea musikagile hernaniarrak, datorren martxoaren 31n, Hesia Urraturik-Xabier Lete in memorian diska-liburua aurkeztuko du, 18:00etan, Donostiako Santa Teresa komentuan. Bertan, parte hartuko dute Beñat Egiartek (tenorra), Klara Mendizabalek (sopranoa) eta Landarbaso Abesbatzak. 

Hesiak Urraturik izango da, segurutik, Joxan Goikoetxeak bere 35 urteko ibilbide profesionalean gauzatu duen lanik garrantzitsuena. Ez da hori arriskurik gabeko baieztapena, jakina. Izan ere, artista eklektiko honek, besteak beste, musika jarri die Shakespeareren sonetoei, aitzindaria izan zen 80. hamarkadan Euskal Herrian Astor Piazzollaren musika zabaltzen, sustraiko musika eta musika elektronikoaren arteko uretan murgildu zen 90. hamarkadan, euskal musika tradizionala Europako jaialdietan barrena eraman du Alboka taldearekin eta hamaika kolaborazio egin ditu belaunaldi eta estilo ugarietako talde eta abeslariekin.

Oraingo lana oratorio bat da. Musika genero horren bidez, Joxan Goikoetxea bere ibilbide akademikoaren hasieretara itzuli da eta, bide batez, arlo sinfoniko-koralean aritu da lehenengoz, bere adiskide Xabier Leteren oroimenez egindako proiektu zail eta eskerga honen bidez. Oiartzuar olerkariaren heriotzaren orduan egindako promesak ahalegin haundia eskatu dio, haren pentsamendu hori eta konplexua eta haren ondare estetiko-artistikoa jasotzeko eta laburbiltzeko. Zeregin horretan Landarbaso Abesbatzaren eta Kaabestri Ensemble orkestraren parte-hartzeak izan ditu lagun, Juanjo Ocón donostiarraren zuzendaritzapean, Miren Urbieta-Vega sopranoaren eta Beñat Egiarte tenorraren bakarkako lan aipagarrik ahaztu gabe.

Oratorioa luxuzko edizioan datorkigu, Aztarna argitaletxeak ohi duen bezala. CD audioarekin eta 160 orrialdeko liburuxkarekin batera, DVDa ere badakar, estreinaldiko birako kontzertuetako grabazioarekin. Dolby Atmosen Euskadin egindako lehenengo nahasketa da, gainera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!