Hernaniko XV. Txistulari Jaialdia bueltan da asteburuan bi urteko geldialdia eta gero

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 25a, 00:00

Bihar Hernaniko Txistulari Gazteen Txapelketa eta gazteen kontzertua izango dira eta etzi Txistulari Topaketa izango da.

Bi urteko etenaren ondoren, hamabostgarrenez, Hernaniko Txistulari Jaialdia antolatu dute Hernani Musika Eskola Publikoko txistulariek eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteak. 2020ko martxoan ospatzekoa zen, baina pandemiak eta itxialdiak zirela eta, bertan behera utzi behar izan zen. Aurten azkenik, ederki kosta bada ere, berriro martxan da jaialdi hau.

Asteburuan ospatuko da, bihar eta etzi, eta pandemiaren aurrekoaren antzeko egitarauaz dator. Bihar Txistulari Gazteen Txapelketa izango da Milagrosan eta etzi, igandean, ohiko kalejirak, dianak eta bazkaria izango dira Topaketan.

Bada ordea berrikuntzaren bat: bihar arratsaldean, txapelketako sari banaketarekin batera, kontzertu berezia antolatu da Milagrosan, bi urtez jende aurrean aritzerik izan ez duten txistulariekin. Orain bi urte neska-mutil koskorrak zirenak lanean aritu dira eskolan eta etxe barruan, eta lan horren testigantza edo eskertza izan nahi du kontzertu honek. Durango, Iruñea eta Hernaniko txistulari gazteen taldeak izango dira bertan.

EGITARAUA

HERNANI

BIHAR

11:00 Milagrosa kaperan Hernaniko XV. Txistulari Gazteen Txapelketa.
Bi kategoriatan jokatuko da. A kategorian 12 urtetik neherakoak bakarka ariko dira. 15 gaztetxo aurkeztu dira. B kategorian 13-16 urte bitartekoak ariko dira eta 9 txistularik hartuko dute parte. Guztira 24 txistulati Euskal Herriko txoko guztietatik. 

18:00 Milagrosa kaperan Txistulari gazteen kontzertua. Sari banaketa ere egingo da.

ETZI

10:00 Elkartzea eta dianak kaskoan eta inguruko auzoetan.
12:30 Ttun-ttuna plaza. Kalejira eta dantzarako doinuak Plaza Berrin.
14:15 Lagunarteko bazkaria Iparragirren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!