Berria Erremonte Txapelketaren lehenengo finalerdia gaur jokatuko da Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 25a, 00:00

Loitegi urnietarra, lehenengo partiduan.

18:00etan hasiko da jaialdia eta lehenengo partidua izango da txapelketakoa. Bertan, Goikoetxea V.ak eta Odeik, Loitegi eta Zalduaren aurka jokatuko dute.

Elkartasun Pelota Jaialdia bihar izango da Hernaniko frontoian eta horrek erremonte jaialdia aurreratzea eragin du. Honela, gaur 18:00etan, Galarretan hasiko da Berria Erremonte Txapelketako lehenengo finalerdia. Goikoetxea V.ak eta Odeik, Loitegi eta Zalduaren aurka jokatuko dute. Garailea Berria Txapelketaren lehenengo finalista izango da.

Goikoetxea eta Odei bikoteak, ligaxkan A Multzoan, bere bi partiduak erraz irabazi zituzten. Loitegik eta Zaldua I.ak aurreneko partidua ongi irabazi zuten, baina bigarrengoan galdu egin zuten tanto bakarragatik Aldabe eta Apezetxearen aurka. Partidu oso berdindua espero da. Odeik azpimarratzen duen bezala ligaxkan «aurkariek ez zuten egun onena izan eta gaurko partidua zailagoa izango da». 

Odei jakitun da Zaldua atzelari sendoa dela eta aurrean Loitegi orain arte jokatu duten aurrelariak baino sendoagoa dela. «Horrek gauzak zailtzen ditu». Julen Loitegi urnietarra da, beraz urnietarren arteko lehia izango da aurreko koadroetan. Pasa den urtean bigarren mailako txapela jantzi zuen binaka eta aurten ere maila onean ari da. Nahiz eta bigarren partidua galdu gustora aurkitu da txapelketan zehar. «Partidu onak jokatu ditugu. Zaila izango da irabaztea, baina saiatuko gara».

Urrizaren berragerpena, estelarrean

Estelarrean, Aldabe eta Barrenetxea gorriz ariko dira Urriza eta Juanenearen aurka. Urriza urtarrilean lesionatu zen eta Masters txapelketa ezin izan zuen jokatu. Bi hilabete ondoren berragertuko da gaur Galarretan. Urdinez Juanenearekin ariko da, aurkari gogorren aurka. Barrenetxea hernaniarrak maila onean jarraitzen du eta Aldaberekin bikote sendoa osatzen du. 

Jaialdiko hirugarren eta azkenengo partiduan, Segurola eta Zubirik, Etxarri eta Larrañagaren aurka jokatuko dute. Berria txapelketan gauzak ez dira nahi bezala irten Zubirirentzat eta goizuetarrak gaur arantza atera nahiko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!