Bihartik eskuragai, 'Sexberdinak', 'Tempus' eta 'Album' emanaldietarako sarrerak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 24a, 00:00

Formol Laborategiak eskainiko du 'Album' emanaldia.

Sarrerak Biteriko leihatilan edo kultura.hernani.eus webgunean erosi daitezke. 'Album' emanaldirako, 25 urtetik beherakoek, gonbidapena eskura dezakete Haur eta Gazteria Sailean (Aristizabal, 7), 09:00etatik 14:00etara. 

Oraindik martxoan gaude, eta Antzerki Zikloaz gozatzen ari dira hainbat herritar. Hala ere, bihartik, apirileko emanaldietarako sarrerak jarriko dira salgai, hain zuzen, Sexberdinak helduentzako, Tempus etxeko txikientzako eta Album gazteentzako emanaldietarako. 

Apirilaren 7an, Aitziber Garmendia eta Telmo Esnal igoko dira oholtza gainera, Tanttaka teatroaren eskutik. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren baitako antzezlan honetan, garun-paralisia duen kazetariak eta kontraesanetan erdi itota dabilen goxoki saltzaileak, beraien bizipen afektibo sexualak azalduko dituzte inolako konplexurik gabe. 

Lanaren formatua dela eta, bi saioa egingo dira: lehenengo saioa arratsaldeko 17:30etan hasiko da, eta bigarrena, berriz, 20:00etan. Sexberdinak antzezlanerako sarrerak bihartik jarriko dira salgai, leihatilan edo kultura.hernani.eus-en. 8 euroko prezioa du sarrera bakoitzak. 

Hilaren 9an, berriz, Tempus lana igoko da oholtza gainera, El que ma queda de Teatre konpainia kataluniarraren eskutik. Klaus erlojugilearen tailerra ezagutzeko aukera izango dute haurrek. Joan Fernández da antzezle nagusia eta zuzeneko musikaz lagunduta eskainiko da lana. Eguerdiko 12:00etan emango zaio hasiera emanaldiari, eta sarrerak bihartik egongo dira eskuragai, 3,5 euroren truke. 

 Apirilaren 26an, Geuretik Sortuak egitasmoaren baitako Bost Teilatu filma eskainiko da. Bost film laburrez osatutako pieza da, modu independentean sortutakoak. Ez da sarrerarik edo gonbidapenik beharko, sarrera librea izanda, eta 19:00etan hasiko da. 

 

Gazteentzat, 'Album' 

Gazteria Sailak, Formol Laborategiaren Album antzezlana ekarriko du Biterira. Publiko orori zuzenduta badago ere, bereziki gazteei bideratzen zaie. Intza Alkain, Mikel Ibarguren eta Edurne Azkarate dira aktoreak. Emanaldia apirilaren 28an eskainiko da, 19:30etan hasita. Sarrerak 8 euro balio du, eta 25 urtetik beherakoek gonbidapena eskuratzeko aukera izango dute Haur eta Gazteria Sailean (Aristizabal, 7). 25 urtetik gorakoek bihartik aurrera erosi ditzakete sarrerak, 8 euroren truke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!