«Kalitatezko hezkuntzaren alde» agertu dira Ikasle Abertzaleak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 23a, 00:00

Herritar eta ikasleei dei egin diete martxoaren 24an, bat egiteko Donostian antolatu den mobilizazioarekin: «bideari gaurdanik ekin behar diogu. Ez gara ogi apurrekin konformatuko». 

Hezkuntza erreforma ezberdinen gaineko salaketa egin du Ikasle Abertzaleak taldeak: «doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den hezkuntza ereduaren defentsan mobilizatuko gara». 

Horregatik, ikasleek egungo hezkuntza sistemaren baitan bizi duten «errealitate gordina» jarri dute mahai-gainean: «ebaluazio sistema itogarria, ikasketak aurrera eramateko kostu ekonomiko altuak (bataz beste hezkuntza publikoan 664 euroko gastuak urtero), hezkuntza publikoan geroz eta txikiagoa den inbertsioa... Guzti hori pandemiak areagotutako krisialdi testuinguruan kokatu behar dugu, non ikasleon ikas-baldintzak okertu eta arazo psikologiko eta emozionalak geroz eta gehiago hedatu diren; horren adibidea da Bigarren Hezkuntzan ikasleen %15ak antsietatea jasaten dutela».  

Ikasle Abertzaleko kideek, argi dute hezkuntza ez dela salbuespen bat: «krisialdi testuinguruak aldaketak dakartza, eta hezkuntza sistema osoa erreforma ziklo batean murgilduta dago: Bigarren Hezkuntzan LOMLOE, unibertsitatean LOSU eta Lanbide Heziketan LH Plaza aplikatzen ari dira. LOMLOE LOMCEk utzi zituen ondorioak konpontzera datorren lege aurrerakoi gisa aurkeztu diguten arren, inondik inora ez die hezkuntzaren erroko arazoei konponbiderik ematen, azaleko aldaketak baino ez baititu egiten legeak». 

Amaitzeko, erreformaz haratago joan dira ikasleak, aipatuz, hezkuntzako arazo estrukturalak gaindituko dituen bestelako hezkuntza eredua eraikitzea «posible» dela: «bide horri gaurdanik ekin behar diogu. Ez gara ogi apurrekin konformatuko, eta erroko aldaketak behar direla aldarrikatuko dugu». Hau guztia salatu eta eskubideak aldarrikatzeko, martxoaren 24rako hitzordua jarri dute Ikasle Abertzaleek: «dei egiten dugu, hilaren 24an, eguerdiko 12:00etan, Ibaetatik aterako den manifestazioan parte hartzera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!