«Uholdeek ekarri ditzaketen kalteak saihesteko edo gutxiagotzeko» hitzarmena sinatu zuten, atzo

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 23a, 00:00

Martxelo Ezponda, Xabier Lertxundi eta Joxe Kurutz Elosegi, udaletxean.

Proiektua aurrera eramateko, Hernaniko Udalak konpromisoa hartzen du, 2 milioi euroko gutxieneko erreserba egiteko. 

Atzo, Hernaniko Udalak, Club Deportivo Hernanik eta Hernaniko Errugbi elkarteak «uholdeak sortu ditzaketen kalteak gutxitzeko» hitzarmena sinatu zuten, udaletxeko udalbatzar aretoan. Parte hartzaileak izan ziren Xabier Lertxundi alkatea, Ane Ibarburu Jarduera Fisiko eta Kirol zinegotzia, Martxelo Ezponda C.D Hernaniko lehendakaria, eta Joxe Kurutz Elosegi, Errugbi elkarteko lehendakaria.  

Sinatutako akordioan, aurrera begira adostasun batzuk ezarri dituzte, «uholdeek ekarri ditzaketen kalteak saihesteko, edo kalteak gutxiagotzeko». 

Hori horrela, Lertxundik Zubipen eta Landaren bizi izan dituzten errealitateak ekarri zituen mahai gainera: «azken urteotan nahiko maiz gertatu dira uholdeak, eta uholde hauek, bi kirol elkarte hauen egunerokoan kalte haundia suposatzen dute. Eta azpimarratu nahiko nuke, kirol taldeez hitz egiten dugunean, lehenengo taldea etortzen zaigula gogora. Baina Udaletik esan nahiko genuke, ehundaka eta ehundaka ume, gazte zein heldu pasatzen direla gure kirol instalazioetatik, eta guretzat oso garrantzitsuak direla». 

Sinatutako hitzarmen honetan, bi proposamen aurkeztuko zaizkio URA agentziari, eta «hiru erakundeok bat egingo dugu, modu adostu batean. Proposamenetako bat izango da, Zubipeko eta Landareko ibai ertzeko horma luzatzea, bere garaian proposatu geniena, hain zuzen ere. Baina duela gutxi izan genuen URA agentziarekin bilera eta berraztertzeko proiektua zela azaldu ziguten. Beraz, proposamen hau bidaliko diegu ikusten dugulako egingarria dela, eta hori izan daitekeela uholdeak sortzen dituen kalteak gutxitzeko lehen pausuetako bat» jakinarazi zuen Lertxundik. 

Hau guztia kontutan hartuta, Hernaniko Udalak konpromisoa hartzen du 2022ko aurrekontuetan, bi milioi euroko gutxieneko erreserba bat egiteko: «URAren erantzunaren araberako proiektu bat gauzatu ahal izateko». 

Martxelo Ezponda eta Joxe Kurutz itxaropentsu agertu ziren: «etsita geunden, eta orain, gogotsu gaude. Ea honekin uholdeek sortu ditzaketen kalteak saihestu edo behintzat, gutxitu ditzakegun».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!