· Haurrarekin autentikoa al naiz, edo naturaltasun itxurak egiten al ditut?
Ezjakintasun, urduritasun edo insegurtasunetik egitea ez da okerra, autentikoki egiten badugu. Ez du merezi naturaltasun plantak egitea barrutik lasai ez bagaude.
· Ni konfiantzazko pertsona izateko arrazoiak al ditu nire haurrak?
Egia guztia esaten badiogu, bai. Edo, egia baldin bada, ez diogula gure intimitateko zerbait kontatu nahi, eta “hori ez dizut kontatu nahi baina azalduko dizut ahal dudan guztia” esan ezkero, orduan konfiantzazkoa izan gaitezke. Baina gezurretan aritzen bagara edo egia izkutatuz, baliteke nahiago izatea bere kabuz gauzak ikastea, kalean edo sareetan.
· Gure artean komunikazioa irekia al dago ala puntuala da eta ez da gehiago hitz egiten?
Edozein gaiari buruz une, leku eta modu desberdinetara hitz egiteko prest baldin bagaude, gurekin kontatuko du. Aldiz, gai itxi bat baldin bada, guraso
edo zaintzaile bezala, ezingo dugu gure funtzioa bete.
· Gaiak ateratzen al ditugu aurrea hartuz, ala etorri arte itxoiten dugu?
Aurrea hartuz edo une horretan zentzua duelako aprobetxatzen badugu informazio osatzen joateko, prestatuago egongo da. Eta onurak izango ditu egoera berrien aurrean, hauek hobeto ulertu eta kudeatu ahalko dituelako.
· Galdera pertsonalen aurrean, gure intimitatea partekatzen dugu edo bere jakinmina asetzeko saiakera zabaltzen dugu beste errealitate batzuk ere ikustaraziz?
Sexualitatearen inguruko galderen aurrean, gure burua adibide ona dela iritzi ezkero erantzun dezakegu baina horretara ez mugatzea azkoz hezigarriagoa izango da. Garrantzia gehiago eman diezaiokegu jakiteari nondik sortu zaion bere jakinmina. Eta gu ez garen beste pertsonek nola pentsatu eta jokatzen duten ikustaraztea are eta aberatsagoa izango da.
· Beste sexukoen inguruko galderak direnean, geuk erantzuten ditugu ala beste norbaitengana bideratzen dugu zuzenean?
Norberak dakiena edo nola ikusten duen azaltzea garrantzitsua da, horrez gain, informazioa osatzeko, beste sexuko norbait inplikatzen saiatzea erantzunean, osatzeko balio dezake.