'Eresia'k, Calma!'k eta 'Kopaz kopa'k osatuko dute, Antzerki zikloa

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 22a, 00:00

Gaur arratsaldeko 19:30etan emango zaio hasiera, 'Eresia' antzerkiari.

Gaurtik etzira izango da, eta 19:30etan hasiko dira emanaldi guztiak. Sarrerak kultura.hernani.eus webgunean erosi daitezke. 

Gaur, bihar eta etzi, protagonismoa hartuko du Antzerki zikloak, Biteriko oholtza hartuko baitu. Gaurkoan, Geuretik sortuak egitasmoaren baitako Eresia antzerkia eskainiko da Antzerki zikloari hasiera emateko. Arratsaldeko 19:30etan emango zaio hasiera emanaldiari, Biterin. 

 

Heriotzak utzitako hutsunea 

Dolua arintzeko asmoz, arte praktiken bidez, nahi bezain besteko dispositiboak aktibatzeko aldarria da proiektu hau. «Halako egoeretan bizitakoaren errepresentazioa baino, dolua osatzeko ibilbidea esperientzia multifuntzionaletan garatzeko praktika izan nahi du. Galdu dugun senideak utzitako hutsunea berrosatzeko, errituek bete dezaketen lekuari so eginez, hauek berrasmatu eta era askotara bizitzeko gonbita da». 

 

Bihar 'Calma!' eta etzi, 'Kopaz kopa'

Bihar, Calma! antzerkiak emango dio jarraipena Antzerki zikloari, arratsaldeko 19:30etan, Biterin. Guillem Albá zuzendaria, bakarrik eta hitzik gabe, gertakari konplexu eta aldi berean hain egunerokoa denaz mintzo da: presari buruz. Calma! antzezlanaren bidez, publikoak une komikoak zein poetikoak dastatuko ditu, Klowna protagonista dela. Txotxongiloak, keinuak, itzalak eta musika erabiliko ditu, «egunerokoa eta bizitza ibilbidea zalantzan jartzeko». 

Etzi, berriz, amaiera emango zaio Antzerki zikloari, Ados teatroak eskainiko duten Kopaz kopa antzezlanarekin. Xehetasunez eta bizitzaz beteriko istorioa da, «komedia bat, itxuraz xaloa, dibertigarria eta lasai, baina aurrera egin ahala, sakonago agertu eta tarteka mingarri eta labainkor bilakatuko dena». Antzezleak izango dira Iñigo Aranbarri, Ainhoa Aierbe, Asier Sota eta Ainara Ortega hernaniarra

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!