Larunbatean inauguratuko dute Zikuñagako Ama ermita berria

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 22a, 00:00

Zikuñagako ermita berria, Orkolaga baserriaren ondoan.

Zikuñaga auzoaren gainean berreraiki dute, eta 17:00etan hasiko dute ekitaldia.

35 urteren ondoren, zutik dago Zikuñagako Ama ermita, berriro ere. Auzoaren gainean berreraiki dute, Orkolaga baserriaren ondoan; eta larunbat honetan inauguratuko dute, ekitaldi berezi batekin, 17:00etan hasita. Ospakizun erlijiosoa prestatu dute, baina erromeri giroan.

Ermitatik gertu dagoen aparkalekuan hasiko dute ospakizuna, eta prozesioa egingo dute Zikuñagako Amaren irudia hartuta, aparkalekutik ermitara, Hernaniko Musika Bandaren laguntzaz. Ondoren, eukaristia egingo dute, Donostiako bikario nagusia buru dela. Lore eskaintza egingo dute Zikuñagako Auzo Elkarteak eta Zikuñagako Ama zikloturista taldeak; eta Zikuñagaren ereserkia kantatuko du Goiz Eguzki abesbatzak. Segidan, Aita gurea eta Jaunartzea eskainiko ditu Ozenki abesbatzak, eta Ukrainaren alde ere abestuko dute, bakea eskatuz.

Eta orduan, Zikuñagako Amaren irudia eta kapera bedeinkatuko dituzte. Zikuñagaren ereserkia eta Agur Jaunak kantatuko dute abesbatzek, Musika Bandaren laguntzaz; eta ez dira faltako Zikuñagako Auzo Elkartearen danbor hotsak. Azkenik, ermita barrura sartuko dute Zikuñagako Amaren irudia, eta bere tokian jarriko dute. Ermitara sartzeko aukera izango dute herritarrek ere; eta ateratzean, Zikuñagako Amaren estanpa bat emango diete. Ospakizuna borobiltzeko, erromeria izango da bertan, Hernaniko Musika Eskolako trikitilarien eskutik. Sagardoa ere eskainiko dute, ermitaren kanpoaldean.

Egun horretan ezingo da ermitaren aparkalekua erabili, eta oinez igo beharko da. Adinekoentzat eta ezintasunen bat dutenentzat, garraioa jarriko dute Zikuñaga auzotik. Interesatuek, Parrokira (943 55 26 84) edo Zikuñagako Auzo Elkartera (656 415 692) deitu dezakete. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!