Mutilek garaipenarekin amaitu dute liga, eta neskek garaipenetik gertu

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 22a, 00:00

Hernanik partidu ona jokatu zuen Sestaoren aurka.

Jatorkide 3-1 garaitu zuten mutilek kiroldegian, eta ondoren, neskek 2-3 galdu zuten Sestao indartsuaren aurka.

Aste bukaera honetan jokatu dira Euskal Ligako azkeneko partiduak, mutilen garaipenarekin eta nesken porrotarekin. Mutilek, Jatorkideren aurka amaitu zuten liga 3-1 irabazita. Bosgarren postuan sailkatu dira zortzi garaipen eta zortzi porrotekin. Ondoren, neskek 2-3 galdu zuten Sestaoren kontra. Neskek seigarren postuan bukatu dute, zazpi garaipen eta bederatzi porrotekin. 

Bereziki ikusgarria eta lehiatua izan zen nesken partidua. Aurreneko jokoan jaun eta jabe izan ziren sestaotarrak (9-25), baina Hernanik erreakzionatzen jakin zuen, eta ondorengo bi jokoak irabazi zituen, markagailuan aurreratzeko. Laugarrena ezin borrokatuagoa izan zen, baina partidua berdindu zuten bizkaitarrek (23-25); eta azkeneko jokoan Sestao nagusitu zen (10-15). Orain, Hernaniko bi taldeek prestaketarekin jarraituko dute, Euskadiko Kopara begira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!