Amaiurren inguruko jardunaldia, larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 21a, 00:00

Pako Sudupek eskaini zuen Biterin azken hitzaldia.

Gaztelak gaztelua hartu zuela 500 urte bete dira eta jardunaldian izena eman daiteke 'nabarralde.eus' orrian.

Hernani Errotzenek eta Nabarraldek antolatuta, Amaiurko gazteluan gertatu zenari buruzko jardunaldia izango da larunbatean, Biterin, goizeko 09:45etan hasita. Parte hartuko dute Jose Luis Orellak, Idoia Arrietak, Peio Monteanok, Iñaki Segredok eta Asisko Urmenetak. 

Horrez gain, mahai ingurua ere izango da, lau aditurekin: Rafa Santxez Muxika, Iñaki Idigoras Igartua, Koldo Martinez Garate eta Iñigo Larramendi. Angel Rekaldek emango dio bukaera jardunaldiari. Gero, eguerdian, Oialume Zarren izango dute bazkaria. Jardunaldian parte hartu nahi dutenek, zabalik dute izenematea nabarralde.eus webgunean. 10 euro dira jardunaldia, eta bazkariarekin, berriz, 43 euro.

 

Pako Sudupek hitzaldia eskaini zuen

Larunbateko jardunaldiak borobilduko du martxoan zehar Hernani Errtzenek antolatu duen udaberriko hitzaldien zikloa. Azken hitzaldia Pako Sudupek eskaini zuen ostegunean Espainol ez izateko arrazoiak eta sentimenduak  izenburupean. Aurretik, pasa den asteartean Cuatro reinas navarras solasaldian Jose Luis Orella historialariak parte hartu zuen. Luis Mari Zaldua, euskal filologian doktoreak eta euskaltzain urgazleak, Euskararen nondik norakoari buruzko ustekizunez hitzaldiak ireki zuen zikloa martxoaren 10ean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!