Haziak elkarte sortu berriak amatasunaren eta aitatasunaren inguruan hiru hitzaldi eskainiko ditu

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 21a, 00:00

Gaur eta ostiralean, 16:30etan hasita Biteri kultur etxean, eskubideak ezagutzeko aukera izango dira eta erditzeari buruz hitz egingo da. 

Hernanin jaio-berria den Haziak elkarteak hiru hitzaldi eskainiko ditu  gaur, bihar eta ostiralean. Bertan, amatasun, aitatasun eta hazkuntzaren inguruko gaiak jorratzen dituzte hitzaldi, tailer, klase edota ikastaroen bidez. 

Gaur, 16:30etatik 17:30etara Biterin, amatasunaren eta aitatasunaren inguruan ditugun eskubideak ezagutzeko aukera izango da, zalantzak argituz. Bihar, 16:30etatik 18:30etara, Sananda Yoga zentroan, Haurrentzako zeinuak tailerra antolatu da. Haurrentzako zeinuak ikasiko dira. Historia, metodologia, onurak, errutinak, janaria, animaliak, emozioak... eta zeinu arrakastatsuak egiteko hainbat baliabide erakutsiko dira.

Ostiralean, martxoaren 25ean, Erditzea ikastaroa eskainiko da, 16:30etatik 18:30etara, Biteri kultur etxean. Haziak elkartetik diotenez: «apurka-apurka, gure gorputzetatik, sentimendutik, emozioetatik... deskonektatu gara, eta galdu egin dugu erditzea zerbait fisiologikoa dela barnean hartzen duen guztiarekin. Erditze arruntari bere espazioa itzuli behar diogu, aukerak diferibilizatu; kalitatezko informazioa eman, ebidentzia... azken batean, geure burua ahaldundu».

 

«Amatasun bidean bidelagun izatea da helburua»

«Gure helburuetako bat, ama eta aita izatearen prozesuan bidelagun izatea eta informazioa eskaintzea da. Bestalde, gure herrian arlo hauetan lan egiten dutenengan proiektu hau txertatxea da beste helburuetako bat, beraien partaidetza eskatuz zenbat eta jende gehiagora iritsi ahal izateko, askoz lagungarriagoa izateko asmoz», aipatzen dute Haziak elkartetik.

Horretarako, hainbat profesional ari dira lanean Haziak elkartean: emagina, fisioa, abokatua, hainbat terapeuta eta aholkulariak… Hainbat zentro beraien lokalak uzten ari dira hilero antolatzen diren ekintza guztiak burutzeko. Hala nola, Biteri, Sananda Yoga Zentroa, P.kita Studioa, Haurreskola, Ainara Dantza Eskola.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!